NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

IRLANDAKO ITSASOAN ZER BERRI

Juan Bautista Bilbao “Batxi” (Arratzu, Bizkaia, 1887 – Bizkaiko golkoa, Atlantikoa, 1916)

Juan Bautista Bilbao “Batxi” oso gazterik, hamaika-hamabi urte zituela hasi zen txo edo “mutil-txiki” lanak egiten itsasontzietan. Lehen Mundu Gerraren garaian, ontziko “maiordomo” edo hornitzailea zen. Gerra hura irabazpide bikaina izan zen Bizkaiko ontzi-konpainientzat, batekin eta bestearekin trafika baitzezaketen neutraltasunaren banderapean. Baina itsasoan zebiltzanentzat, handia zen arriskua. “Ez dago egunik ontziren bat hondora ez doanik, alemaniarrek ipiniriko mina batek jota”, idazten du Batxik 1914ko irailean. Hurrengo urte osoa portuz portu eman ostean, Euskal Herrira batere etorri gabe, bere ontziak mina aleman bat jo zuen La Pallicetik 40 miliara, 1916ko urtarrilaren 16ko goizean. Lezama y Cía konpainiako Bayo ontzian zihoazen marineletatik bakarra salbatu zen, pilotua. Seguru aski, Batxi bere gelan harrapatu zuen eztandak, ohetik jaikita, irakurtzen edo idazten. Hala egoten omen zen egunero goizeko seietatik bederatziak aldera arte. 28 urte zituen eta hiru alabaren aita zen. Batxiren kronikak Euzkadi egunkarian eta Napartarra astekarian argitaratu ziren, lehenbizikoan gehienak. Idazle oparoa, 1913ko abendutik 1916ko urtarrilera bitartean berrehun kolaborazio inguru igorri zituen bi agerkari horietara.

Testu mota: Kronika

Garaia: 1914-1918

Atala: Historia

1. Txalupan ihesi, itsaspeko aleman batek torpedoz erasotako ontzi batetik.Gizonak sokan behera jaisten, azken txalupa urruntzen den bitartean.Underwood and Underwood, ca. 1917.


2. Itsaspeko edo U-Boat alemanek Irlandako itsasoan hondoratutako ontzi britainiarren mapa. U-Boat alemanek etengabe patruilatzen zituzten Irlandako urak janaria eta hornigaiak Britainia Handira iristea eragozteko.

Irten ginen Almeriatik 4 000 tona meaz hil honen 15ean, eta gaur 22an heldu gara Wolf Rock deritzon lurmuturrera. Ordutik hona sei egun dira, eta sei egun hauetan dugu ezertariko ezbeharrik gabe.

Zazpigarren eguna

Egun honetan geneukan ipar-ekialdeko haize hotza, eta goizeko zortzietan, hartarako tramankuluekin jakin dugu non aurkitzen garen. Geure inguruan ikusten ditugu ontzi asko; bi ezagunak, bata Wenceslao eta bestea Cartagenako Santa Florentina.

Berehala ontziburuaren aginduz ipintzen dira txanelak eskegita, badaezpada. Gudaontzi bi igarotzen dira gure aurretik, eta agur egiten diegu geure ikurrinaz. Eta besterik gabe, amaitzen dugu gaurko eguna itsasertz ezagutuaren alboan gelditurik.

Zortzigarren eguna

Aurrealdeko haize motel eta euri langarraz eman genion hasiera gaurko egunari. Txanelak eskegita doaz, euren barruetan dituztela opil, ur eta eurak erabili edo atontzeko tramankulu denak.

Laino itzalez estalirik ortzia ilundu zaigu eguna, inondik ageri ez dela argitasun izpirik. Noizik behin igarotzen da gure albotik ontziren bat argirik gabe, eta besteren bat argindarrez alboak argiztatuta, bere hizki handidun izena agerian duela, ezagutu dezaten bere albotik igarotzen diren guztiek. Argi bakoak zein herritakoak diren badakigu, eta argidunak berriz erraz dira ezagutzen.

Gure makinak bere burdinazko besoekin ezer ez balitz legez ematen dio betiko abiada ontziari, eta galdara irakinak urrumaka ari dira euren eginbeharra betetzen. Suginek euren aurrean dihardute euren lan neketsuan, kedarra bezain beltz dituztela aurpegi eta eskuak. Lantzean palakada bat ikatz jaurti, eta guajiratxo bat abestu, eta gora irten eta ertzetara begiratu eta intziriz dio: "Ay, maresita de mi arma". Beste itsaskide guztiak kebide edo tximiniaren ondotxoan daude, denak ilun, esku bien artean burua dutela, Jaungoikoak daki zer gogoeta egiten.

Gau honetan inork ez du lorik egiten. Itsasoaren gainean ikusten diren beltzune guztiek beldurra ematen digute. Ontziburua gau guztian dago oinen gainean, eta gertu makinako telegrafoa eskuan duela, txistadarik txikienean makina gelditu, eta txanela batean itsaspekoaren albora joateko eta nondikoak garen jakinarazteko.

Dauzkagun soinekorik onenak ditugu aldean, eta erloju edo diru edo balioko gauzaren jabe denak aldean darabiltza. Agintariak begirik kendu barik daude aurrera adi. Ontziburua ez da kentzen bere tokitik.

Goizeko ordu bietan agertzen da hiru bristada dauzkan itsasargi bat. Oraindino ez egun asko, hementxe joan zen hondora ontzi eder bat itsaspeko mina bat jota. Baina gu aurrera goaz, Ama Birjina dugu geure alde.

Lauretan agertzen da beste argi bat eskumako aldetik. Alaitasunez betetzen da agintarien bihotza argi hori ikusiz, argi horren ingurua arrisku handia dagoen tokia delako.

Berehala ikusten da urpetik irteten legez argirik ederrena, bere urrezko argi-izpi ederrekin mundu guztia pozez betetzen duen eguzkia.

eta gaua igaro arren, han datorkigu eguzki alaia geure gorputzak sendotu eta geure gogoak poztera. Betor bai argi eder maite hori!

Eguraldi ederraz eta haize pixka bat aurrealdetik dugula amaitu zen gaurko eguna, itsaskide denok lan baino lo beharrago dutela, denok aharrausika eta gogogabe.

Bederatzigarren eguna

Eguzki epel ederraz eta eskumaldeko haize apur batez eman genion hasiera gaurko egunari. Arratsalde guztian ez ditugu ikusi ontzi txiki bi baino. Ikaratuta gaude Liverpool ondoan hain itsasketa gutxi ikusteaz.

Beti gaude dardara gainean noiz joko ote gaituen mina edo torpedoren batek, baina hala ere heltzen gara gaueko zortzietan Island of Man deritzon uhartera. Bederatzietan utzi dugu eskumaldean Chicken Rock haitzeko itsasargia.

Hemendik oraindino 100 miliako bidea dago Ardrossan-era. Guztiok gaude atzo baino pixka bat alaiago, itsaso honetan ur lohi-lohiak daudelako eta uste dugu hor lohian itsaspekoak ez direla ibiliko eurek nahi duten legez.

Heldu gara Ama Birjinari eskerrak gaur apirilaren 24an.

3. Lusitaniaren hondoratzea, 1915eko maiatzak 15. Ia 1200 lagun hil ziren U-Boat aleman batek RMS Lusitania bidaiari-ontziari torpedoz eraso zionean Cork-eko kostaren parean.
Irudian, arrantzale irlandarrak laguntza eskaintzera doaz.

BILBAO, Juan Bautista “Batxi” (1997). Hau mundu arrano hau. [Edizioa: Iñigo Aranbarri eta Koldo Izagirre]. Zarautz: Susa.

Egile berarenak: Eskozian zer berri

Ingalaterran zer berri

Italian zer berri

IKUS HAU ERE

Juan Bautista Bilbao Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean.

Irudiak

  1. National Archives at College Park, , via Wikimedia Commons.
  2. National Library of Ireland.
  3. Supplement to The Sphere magazine, , via Wikimedia Commons.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper