NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

ITALIAN ZER BERRI

Juan Bautista Bilbao “Batxi” (Arratzu, Bizkaia, 1887 – Bizkaiko golkoa, Atlantikoa, 1916)

Juan Bautista Bilbao “Batxi” oso gazterik, hamaika-hamabi urte zituela hasi zen txo edo “mutil-txiki” lanak egiten itsasontzietan. Lehen Mundu Gerraren garaian, ontziko “maiordomo” edo hornitzailea zen. Gerra hura irabazpide bikaina izan zen Bizkaiko ontzi-konpainientzat, batekin eta bestearekin trafika baitzezaketen neutraltasunaren banderapean. Baina itsasoan zebiltzanentzat, handia zen arriskua. “Ez dago egunik ontziren bat hondora ez doanik, alemaniarrek ipiniriko mina batek jota”, idazten du Batxik 1914ko irailean. Hurrengo urte osoa portuz portu eman ostean, Euskal Herrira batere etorri gabe, bere ontziak mina aleman bat jo zuen La Pallicetik 40 miliara, 1916ko urtarrilaren 16ko goizean. Lezama y Cía konpainiako Bayo ontzian zihoazen marineletatik bakarra salbatu zen, pilotua. Seguru aski, Batxi bere gelan harrapatu zuen eztandak, ohetik jaikita, irakurtzen edo idazten. Hala egoten omen zen egunero goizeko seietatik bederatziak aldera arte. 28 urte zituen eta hiru alabaren aita zen. Batxiren kronikak Euzkadi egunkarian eta Napartarra astekarian argitaratu ziren, lehenbizikoan gehienak. Idazle oparoa, 1913ko abendutik 1916ko urtarrilera bitartean berrehun kolaborazio inguru igorri zituen bi agerkari horietara.

Testu mota: Kronika

Garaia: 1914-1918

Atala: Historia

1. “Italiak gerra deklaratzen dio Austria-Hungariako Inperioari”. Corriere della Sera, 1915eko maiatzak 24.


Genovatik, 1915eko maiatzaren 23an eta 31n eta ekainaren 3an

Bart gaueko hamabietan erregeak ipini zituen gudapean Austria ondoan Italiak dauzkan hamar probintzia.

Adriatiko itsasora ematen duten gaztelu denak daude gertu etsaiari aurpegi emateko.

Italia guztiko gudaroste eta gudaontzi denak izan dira gertuak, eta zaldiak eta gurdiak batzen dabiltza gaur, gudaketara eroateko. Lehenengo eta bigarren mailako denek daukate ordena bihar goizeko lehenengo orduan agertu daitezela bakoitza bere aldrara.

Egunkari guztien lana

Egunkari guztiek dihardute herriari abertzaletasuna sartzen edo idazki aberkoiak idazten. Hara, honelako hitzak idazten dituzte askok:

“Italiako semeak, gaur deika daukazue aberria, eta ez egiozue belarririk itxi bere deiari, hornitu itzazue ezpataz zeuen eskuak eta zoazte zeuen erregeak dei egiten dizuen tokira. Zuek eskuan darabilzuen ezpatak eragingo dio behar den alderantz justiziaren balantzari. Geureak dira ba Austriapean aspalditxoan dauden herri-zati bila goazenak, eta goazen bertara geure hiru kolorekoa bertako biztanleei erakusten, eta seguru dakigu besoak zabalik hartuko gaituztela...”.

Italia eta guda

Eliza guztiak daude oraingoan beterik, euretan dagoen sartu-irtenak ez dauka neurririk, batez ere soldadu asko santuaren aurrean belauniko otoi egiten.

Ehun mila laurleko agindu ditu hemengo aberats batek lehenengo austriarraren guda-ikurrina harrapatzen duen soldaduarentzat.

Torino [Turin] deritzon hirian harrapatu zuten atzo hogei urteko neskatila bat gudari jantzita bagoian beste gudari aldraren artean. Agertu zenean poliziaburuaren aurrera, negarrez belaunikaturik eskatu zion utzi ziezaiola joaten bere bidean, bere senargaia eta neba denak joan direla eta. Ez zioten utzi, eta gaur heldu da neskatila hori hona (ba hemengoa da) eta geltokian eduki ditu bi mila lagun baino gehiago txaloka, utzi diezaioten.

Euren burua erailtzen dutenak asko dira aspalditxoan Italia guztian, batez ere gudarien sendien artean. Hau ikusirik, erregeak errukiturik agindu die egunkari denei egin dezatela ahalegina hainbat hitzik gozoenekin albisteak argitaratzea, sendien bihotzak nahigabetu beharrean poztu eta atsegintzeko. […]

Atzo irten ziren hemendik hainbat tren tramankulu eta gizonez beterik. Negar zoliak egiten zituzten Milano deritzon kaleko emakume eta neskatilek ikusirik geldiro-geldiro euren aurretik trenak joaten. Abereak hor gure herrietan bagoian eroaten dituzten legez zeramatzaten gudariok. Hirugarren klaseko gurdirik ere ez zegoen haientzat, zaldiak eta txahalak eroaten diren bagoiak azpitik baino. Denek iritzi zioten txarto gudariak eroateko modu itsusi horri. Hala eta guztiz ere, gehienak alai zihoazen, batzuk "Gora!" deiadarka eta beste batzuk abesti aberkoiak kantuka. Bai, ene irakurle, italiarrak hor dira kantuka. Hara zelan:

Trieste e Trentino
será italiano
per forza del cannon...

Bien bitartean gu eusko-odoldunok adi gaude munduko estatuek daramaten bideari, bakoitza bere himnoak abesturik hor dabiltza hiltzen gudan, eta guda hori noren erruz den inork ez daki, denok bata bestearen erru ematen dutelako.

Hortik da ezagun guda ona ez dena denok dakitela, asmatu dutenek berberek ere inori errua ezarririk eskuak garbitu nahi dituztelako.

Guda balitz gauza on bat, denok ibiliko lirateke esaten elkarri "neu naiz hori asmatu duena" eta abar, baina orain ezagun da asmatzailea bera ere lotsatuta dagoela asmatu duen horretaz.

Gu euskotarrok ere, gomuta gaitezen eta ahalegindu gaitezen ere geure aberri ederra askatzen, baina kaiolekin ametsetarik egin barik, inor hiltzea pentsatu barik, eta honetara lortzen badugu geure gura izana, ikasgai bat emango diegu XX. gizaldian elkar-erailketa itzela asmatu dutenei eta ilustrazioan eta aurrerabidean gorengo mailan egon direla uste izan duten estatu handiei.

Savonatik, 1915eko uztailaren 20an, 21ean eta 23an

Herri hauek ere txirotasunak zapaldurik dauzka, ez da ikusten besterik gosekila elizarik eliza baino. Samingarria da ikustea hainbeste emakume beharbada euretarik asko guduka itzelean gizonak hil zaizkienak laguntza eske.

Gauetan kaiko eta hiriko argiak, denak amatatzen dira. […] Laguntza bila etorri zitzaidan emakumetxo bati itaundurik bart ea zergatik ez dituzten argi banaka batzuk isiotzen, erantzun zidan hegazkinek herri hau ikusita bonbardatu ez dezaten dela. Horrela bizitzekotan berriz —zioen—, hobe alemaniar eta austriarren tramankuluak etorriko balira eta erre une baten, alderdi batetik besteraino. Gero emakume honek esan zidan gizona bizi eta gudatean zegoen arte eguneko 1'10 ematen ziola gobernuak, eta oraintxe hilabete hartu zela hil-albistea, eta ordutik hona ez diola inork ezer ematen.

—Nire gizontxoak aberriagatik eman zuen bere bizia —zioen negarrez—. Aberriak berriz, saritu behar ninduke eroan zidalako betiko neure laguna, baina aberriak ezer ere ez dit ematen, eta ez dago beste irteerarik edo... edo laguntzatxo bat aterik ate eskatu.

Gaur ostera ere 162 zauritu heldu dira. Savona guztiko emakumeak han izan dira ea euren kutuntxorik heldu den ikusten. Halabeharrean, gutxi izan dira bertoko semeak, baina izan direnak euren sendiekin topo eginez gero koadro laztangarriak ikusten izaten dira. Gomutatzen naiz mutil eder bat, bere amaren ahotsa ezagutu ondoren, hau ikusi duenean beroni besarkatu zaio pozezko malkoekin, eta inork ezin zezakeen kendu gutxienez bost minutuan.

2. Soldadu italiarrak Alpeetako frontean 1916an. Argazkia: Carlo Bonardi.
3. “Aberriagatik, nire begiak! Bakeagatik, zure dirua”. Egilea: Alfredo Ortelli.

BILBAO, Juan Bautista “Batxi” (1997). Hau mundu arrano hau. [Edizioa: Iñigo Aranbarri eta Koldo Izagirre]. Zarautz: Susa.

Egile berarenak: Eskozian zer berri

Ingalaterran zer berri

Irlandako itsasoan zer berri

IKUS HAU ERE

Juan Bautista Bilbao Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean.

Irudiak

  1. Corriere della Sera, , via Wikimedia Commons.
  2. , via Wikimedia Commons.
  3. Prestito Nazionale, 1918. Ortelli, Alfredo, 1889-1963, , via Wikimedia Commons.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper