NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

ARTXANDA, 1937

Iñaki Alkain (Urnieta, Gipuzkoa, 1917 - 1971)
Antonio Zavala (Tolosa, Gipuzkoa, 1928 – Xabier, Nafarroa Garaia, 2009)

1937ko udaberri amaieran, Eibar-Elgetako frontea hautsi ondoren, Bilbo mendean hartzea zen kolpisten hurrengo helburua. Denbora irabazi beharra zegoen hiria ebakuatzeko, eta, irratiz zabaldutako mintzaldi baten bidez, Jose Antonio Agirre lehendakariak etsaia geldiarazteko azken eginahala eskatu zien gudariei. Ekainaren 16tik 19ra, arerioaren oldarraren kontra zer eginik ez zutela jakin arren, milizianoak eta gudariak azken hatsa eman arte borrokatu ziren Artxanda gainean eta Txorierri aldeko hegian. Momentu larri haien lekuko izan zen G. L. Steer, The Times-eko gerra korrespontsala: "Gaua heltzean, batailako kearen eta sugarren eta zalaparta etengabearen artean, euskal infanteria abertzaleko hiru batailoirik hoberenak bidali zituzten gora, azken eginahala egitera. Kirikiño, Itsasalde, Itxarkundia. Demokraziaren aldeko giza sakrifizioaren historian, biziko ahal dira betiko haien izenak! Lur emankorretik ereinotza sortzen den bitartean, izango dira hostoak haien oroitzapena koroatzeko. Heroiak, agurtzen zaituztet! Ekintza etsia zen, eta hura jakinda ere, abestuz igo ziren gudari haiek su-lerrora”. (1)

Iñaki Alkain urnietarra, Itxarkundia batailoiko kidea, “azken eginahal” hura bete zuten gudarietako bat izan zen. Handik berrogeiren bat urtera, Antonio Zavalak lagunduta, liburu batean jaso zituen orduko ibilerak. Bereak, eta Joxinixio Etxeberria adiskidearenak. Etxeberria hau, gerra aurretik artzaina, espioi bikaina bilakatu zen frontean. Bere informeak eskuz esku ematen zizkion Agirre lehendakariari.

Alkainek hemeretzi urte egin berriak zituen gerra hasi zenean, eta hogei artean bete gabeak, Bilbon preso hartu zutenean.

Testu mota: Memoriak

Garaia: 1981 (edukiaren garaia: 1937)

Atala: Literatura

1. Artxandako borroka-frontea, 1937. Argazkiaren atzealdean, egileak eskuz idatzita:
Vista de la ermita de San Roque, lugar de encarnizados combates”.
Argazkia: Indalezio Ojanguren.


Gure batailoi Itxarkundia eta bestea Gordexola, Begoñako eliz ondora eraman gintuzten. Oso eliza polita da.

Etxeberria, ni eta beste asko eta askok, lehenengo, eliza hartan sartu eta Ama Birjinari geure errezoak egin genizkion. Gero, Artxandako mendi aurreko gainetan jarri ginen, azken juizioa balitz bezala.

Gu geure lekuetan jartzerako, Derion barrena bazetozen, Artxanda hutsik zegoela ustetan. Baina gu ordurako han geunden, egunsentian jarriak, geure azken arnasa emateko prest.

Niri ez zitzaidan leku egokia tokatu: Artxandako Derio aldeko mendi-hegala. Goiko gainak hartuz gero, handik irteten oso gaizki ibili beharko genuen leku hartan, eta halaxe gertatu zitzaigun hirugarren egunean.

Hirugarren egun hori, bai niretzat eta bai nire lagunentzat, samingarriena izan zen. Lagunik onena galdu nuen nik, eta beste lagun gehiago ere bai.

Lehen esan bezala, gu Derio aldetik. Etxeberria eta besteak, mendiaren goi aldetik. Eta berehala hasi ginen izugarrizko borrokaldia egiten.

Aurretik beren tankeak zituzten gure etsaiek. Guk, ordea, oso esku-bonba ederrak genituen, eta, inguratu zirenean, bi edo hiru berehala zauritu eta matxuratu genituen. Orduan, beste guztiak atzeratu egin ziren. Hartu zuten nahiko jipoi lehenbiziko ekinaldian.

Mendi hau, bere lur-zulo eta trintxerekin, oso ondo ez zegoen. Baina guk gogor egiteko moduan jarri genuen.

Egun hura honela bukatu zen. Gainera, laino samar zen, eta ez zen abioi askorik ibili. Handi horietakorik ez behintzat. Txikiak bakarrik.

Etorri da hurrengo eguna. Egunsentian, hizketaldi bat egin genuen elkarrekin Etxeberriak eta biok.

Gure abioiak Frantziako Tolosan zeudela esan zidan hark, eta Santander aldera egun berean ailegatuko zirela.

Poz horrekin, bakoitza bere lekuan jarri ginen zintzo-zintzo. Esan bezala, Etxeberria ni baino goragoko mendi-hegalean zegoen bere lagunekin.

Egun hura ere goizetik laino samarra izan zen. Baina eguerdi aldera ia dena argitu zuen; eta berehala, gure abioien ordez, etsaienak hasi ziren jo eta ke bonbak bota eta bota.

Artxandako hotel sonatua laster apurtu zuten abioi horiek eta ocho con ocho kanoi alemanek. Gu, berriz, hantxe, etsaiaren tankeekin borrokan.

Pinudi tartean bazetorren tanke bat, harrapatzen zituen pinu zuhaitzak boteaz. Baina nire lagun trebe batek, haren atzeko aldera lurrean arrastaka joanda, bi bonbarekin zilipurdika eta amilka bota zuen.

Orduan, haren atzetik zetozenak ikaratu eta alde egin zuten. Hala, guk lasaitasun bat izan genuen.

Gure eskubitik eta gorago eta aurrerago zegoen San Roke ermita txikia besterik ez zuten egun hartan hartu.

3. Artxandako San Roke ermita eta lubaki bat, 1937.
Argazkia: Indalecio Ojanguren.

Bi abioi ere bota genituen. Baina gurerik ez zen azaldu. Nik uste dudanez, Frantziako Tolosatik abiatu eta Lourdeseko Ama Birjinari bisita egiten geldituko ziren. Guregana ez ziren behintzat iritsi. Honek asko hoztu gintuen. Agindu eta eman ez. Horretarako, ez agindu!

Gero esan zigutenez, Frantziako gobernuak ostera Bartzelonara bidali zituen. Laurogei izan behar zuten, berri eta zahar. Baina guregana ez zen ez zaharrik eta ez berririk etorri.

Etorri da hirugarren eguna. Ni, egunsentian, atzeko aldeko baserrira joan nintzen, zaku batekin, gerezi biltzera, denontzat ekartzeko asmoz noski.

Baina etorri zaie nire lagunei Etxeberria eta berehala nire galde. Orduan, non eta zer ari nintzen esan diote, eta haren amorrua!

Ni, arbola gainean, gereziak kolkora bildu eta bildu ari nintzen, eta hor ikusten dut Etxeberria niregana datorrela. Jarri zait azpian eta honela esaten dit:

—Hi, Iñaki: hi ez eta beste horiek handiak dituk, e?

Nik honela diot:

—Motel, gaur azkeneko eguna izango diagu, eta batzuen batzuk hilko dituk. Onenean neroni, eta nik nahiago diat gerezi batzuk janda hil.

Zuhaitzetik jaitsi naiz, gerezi batzuk eskaini dizkiot eta kia! Orduan esan zidan:

—Bai, Iñaki; arrazoi duk. Baina ia erotu edo ez zekiat zer egin naizen. Herenegun goizean hain pozik nengoan, eta gaur hara nola nagoen.

—Motel, hik zer gaitz daukaan jakiten ez zegok zaila. Nik ere bazeukaat, baina hik adinakoa ez. Esan nian nik aspaldi, zazpi bertso haiek periodiko Egunan jarri nituenean, zer etorriko zitzaigun: eskaintza eta laguntza asko mingainean, eta azkenerako samintasuna bihotz barrenean. Baina, Joxe, ez ezak heure burua horrenbeste atsekabetu. Gaur oso eguraldi ederra zetorrek. Etsaiek beren abioi guztiak hemen ibiliko ditiztek, eta ahal duguna egin dezagun eta ezin duguna utzi, oraindaino egin dugun bezala. Lasaitu hadi, bada, eta gerezi batzuk jan itzak, ahoa freskatzeko onak dituk eta.

Honela, batzuk jan zizkidan; bai onak zeudela esan ere. Baina ikusten nuen, arrimatzeko ere, burutik ez zegoela ongi. Hala, behintzat, biok bakoitza norbere lagunetara joan ginen.

Nire lagunek poz-pozik jan zituzten gerezi haiek; baita esker ugariak eman ere, alajainetan.

Handik laster, Etxeberriari esan bezala, hasi dira abioiak etengabe bonbak tira eta tira. Baita beren artilleria guztia ere, eta ocho con ocho txarrena, fusilarekin bezain azkar tiratzen baitzuten.

Gure artilleria ez dakit non zen aurka egiteko. Ordurako Santander aldera alde egina zela uste dut, kanoinazo bat bakarrik ez baitzuen tira goiz guztian.

Gu denok hortzetan eta ezpainetan ziri bana hartuta, muinak eta belarriak hango danbarrako-hotsarekin ez lehertzearren. Hala ere, baziren batzuk belarritik odola bota zutenak.

Halako infernurik izan liteke, baina zaila izango da berriro ikustea. Hura zen Artxandako mendiaren dardara! Ikusi gabe ez da sinistekoa ere. Gehiago ez dadila behin ere gertatu.

Gu geunden mendi-hegaletik ez zuten askorik aurreratu, aurreko egunetan baino ia gutxiago baizik.

Baina goiko kamio aldetik Bizkai guztiko aurrerakadarik handiena egin zuten, ezeren zalantzarik gabe. Gordexola eta Acción Vasca batailoiek harrapatu zuten gogorrena, eta hurrena gure beste konpainiek.

2. Gordexola batailoiko kideak.

Lau ordu ingurura, hor etorri zait nire lagun Etxeberria, honela esanez:

—Iñaki, han goiko kamio ondoko lur-zulo hartara joan behar diagu biok. Batzuek edo gehienek alde egin ditek, baina hala ere bazeudek gureak, eta goazemak.

Eta nik esan nion:

—Motel, hiltzeko gogorik nik ez zeukaat oraindik, eta utzi nazak bakean. Nik nahiago nikek gu denok hemendik alde eginak bageunde. Badakik zer aterabide daukagun hemendik, hor goi horiek hartzen dituztenean.

Biok honela ari ginela, hor ziplanean jo du gizagajoa bala batek masailean. Ez zuen zauritu askorik, baina bala explosiva baitzen, erdi nahastuta utzi zuen.

Orduan, partxe bat jarri nion, kamilleroei deitu eta beroriekin bidali.

Baina, handik bost edo sei minutura, ostera hor azaldu zait aurreko aldean, honela esanez:

—Iñaki, orain arte guztian nire esanak zintzo egin dizkidak. Gaur ez al didak egingo?

Hori entzunik, neroni ere hor sutu naiz:

—Motel, goizean esan diat esatekoa. Ez duk ni kobardea naizelako, hau zikin doala ikusi dudalako baizik. Baina, hik hori opa baduk, goazemak bada berehala.

Orduan, deiadar egin zidan, honela esanik:

—Bien, Iñaki! Gora Euzkadi askatuta eta goazen!

Nire lagunei esan nien, ordu erdi bat baino gehiagoan azaltzen ez banintzen, ahal zuenak ahal zuena egiteko.

Hala, biok, azeria ibiltzen den gisan, joan gara hark nahi zuen lekura. Artean ere hiru gutar zeuden: bi Gordexolakoak, eta bat Acción Vasca-koa. Hirurak han ari ziren esku-bonbak tira eta tira.

Sartu gara gu trintxera hartan eta orduan eta gogorrago.

Bere kaserna egoki batekin han zegoen metrailadore ruso handi bat, enkaskilatua ordea. Berehala jarri dut martxan, hasi naiz berarekin eta aurrean jartzen zen guztia botatzen nuen.

Halako batez, aurreko aldetik inor ez eta ez dakit nola, baina kasernatik atera eta atzeko aldera begiratu dut; eta hor ikusten ditut etsai batzuk guregana datozela, beren ikurrina aurretik dutela. Orduan lagunei esan nien:

—Goazen, motellak, hemendik, atzeko aldetik zatozak eta!

Heldu nion nire lagun Etxeberriari, eta arrastaka trintxera-ertzera ekarri nuen, ihes egiteko. Baina «kobarde» esanez, ostera barrena alde egin zidan.

Ni, berriz, lehenengo korrika eta gero zanbuluka eta amilka, Mungiako trenaren tunelera jaitsi nintzen, ahal nuen bezala.

Hasierako korrika hartan, une batez, trintxera aldera begiratu nuen; eta bai ikusi ere, neure begiekin, Etxeberriari nola sartzen zioten sabel-saihetsetik baioneta.

Ni negartsua ez izan arren, denbora puska batean sehaskan dagoen haurtxo txiki batek bezala egin nuen negar, baina guztia alferrik, neure buruari honela esanez:

—Nire lagunik onena betiko galdu diat! Nire lagunik onena betiko galdu diat!

Baina ostera nire beste lagunetara korrika. Gizagajoak han zeuden, burdinbide hartatik berengana ni noiz azalduko nintzen zaleturik.

Ailegatu orduko, hor hasi zitzaizkidan denak:

—Iñaki, bizi al haiz? Bizi al haiz?

Ikusi baitzuten zanbuluka eta tiro tartean burdinbidera nola jaitsi nintzen. Denek, zauriturik edo hilik nintzela uste zuten, baina ez nuen harramazka txiki bat ere.

Bitan batek izaten omen du suertea, eta orduan niri tokatu, baina oso nahigabetua benetan. Honela esan nien:

—Motellak, artzain bat galdu diagu.

Oso gaizki ibili ginen bidean handik ateratzen, oso leku txarrean geunden eta. Baina, biderik txarrena inor hil eta eritu gabe igaro genuenean, hor gelditu gara gerezidi baten azpian itxoinaldi bat egitearren; eta beste aldera, berriz, atzeko aldean zeuden asturianoei bagoazela dei egitearren.

Bezperan, Orendaingo Labaka, gerra hasi baino lehen Usurbilgo baserri batean morroi zegoena, oso mutil apala eta bikaina, asturiano horiek, deskuidatu egin zirela, baina gizagajoa atzeko aldetik ederki zulatu zuten. Neronek sartu nizkion ostera sabelera tiroak aterata zeuzkan hesteak.

Nik ez nuen uste gehiago bizirik ikusterik mutil hura. Baina oraindik ere bizi da baserri batean, bere herrian, bere emazte eta seme-alabekin. Sarritan elkartu izan ohi gara Tolosako ganadu-plazan. Oso sanoa da.

Lagunei ni etorri bitartean han lasai egoteko esanik, joan naiz asturiano horietara, badaezpada ere pañelu txuri bat eskuan dudala.

Bi edo hiru hitz egin nituen hango buru zegoenarekin, eta ostera nire lagunetara korrika. Bidean nindoala, hor ikusi nuen bederatzi abioi handik lau edo bost bonba nola bota zituzten, eta neure artean esan ere bai:

—Nire lagunek ez zitiztean urruti.

Ez nintzen oker ibili. Oraintxe berengana ia ailegaturik nintzela, hor agertu zait Azkoitiko Sodupe, oso mutil jatorra, esanez:

—Alkain, Alkain! Erdi-erdian sartu zigutek. Ni airean bota naik, baina ez diat ezer. Beste hiru lagunak txiki-txiki eginda utzi ditik.

Berehala joan naiz. Meta belar antzeko zulo bat zen zulo hura. Halako zulo egokia ikusita, han jarri ziren lau lagun haiek, eta erdi-erdian bonba sartu, alajainetan.

Nahiz gerritik erdi moztua izan, Kasimiro Arrillaga, usurbildarra, bezperako Labakaren kamillero-laguna, gizagajoa artean bizirik zegoen.

Lepotik heldu nion eta ederki esan zuen aitortzako errezoa. Haren azken hitzak hauek izan ziren:

—Alkain, nire aitari esan, harantz joaten bazara...

Hitz horiek esanda, azken arnasa eman zuen; eta hirurak han gelditu ziren hobiratu gabe, gizagajoak.

Gu, berriz, banan-banaka eta ahal genuen bezala, ongi irten ginen. Hilik eta zauriturik gabe, esan nahi dut.

Denak Deustu aldera abiatu ziren, «gero arte» esanda.

Ni, berriz, nire amorruan, Artxanda gaineko kamioan aurrera. Ia ez nekien zer egiten nuen ere. Bazirudien nire lagun Etxeberria berpiztera joan nahi nuela, edo bera non edo handik agertuko zitzaidala. Behintzat, alderdi hartara egiten nuen oinkada guztia.

Baina Francoren aldeko bi tankerekin topo egin dut, eta tiro bat ere tira ez niri. Oso harrituta gelditu nintzen une eta momentu hartan. Eta inork ere ez zidan aurrera joaten galarazi.

Aurrera noala, halako batez hor entzuten dut deiadar eta orro-hotsa «Alkain, Alkain!», ni nengoen pinudiko ezkerreko belazean.

Berehala hor noa, beti bezala lurrean arrastaka, arratoia banintz bezalaxe, eta han ikusten dut belaze hartan mutil bat arrastaka datorrela, deiadar eginez eta han zegoen belar handiari helduz. Hark beti, gutxi bazen ere, aurrera egiten zuen.

Orduan bai jarri nintzela poztuta, nire lagun Etxeberria zelako ustean. Egundo baino azkarrago ailegatu nintzen berarengana, eta zein izango eta Errenteriako Zaku izengoitiz esaten geniona, gudari bikaina benetan.

Gizagajoak, belaunaren erdi-erdian sartua zuen balazoa; eta, jakina, zutik ezin eta lurrean arrastaka zetorren, eskuko atzaparrekin belarrari helduz. Honela esaten dit:

—Motel, motel, ia ito nauk eta lagundu nazak. Oraindik ez diat etsaiarengana makurtu nahi.

—Bai, motel. Eginahalak egingo ditiat. Heldu iezadak niri hanka ezkerreko honetatik, eta, nik «jo, eup!» esatean, aurrera biok batera.

Kolpeka-kolpeka eta arrastaka, berriz ere tanke haien ingurura; eta hor azaldu zaigu Zaku honen lagun bat.

Izena ahaztuta daukat, baina Nafarroako Arbizu herrikoa zen. Orain ez dakit bizi den. Bizirik bada, hartu ditzala nire zorionik anaikorrenak.

Hau etorri zitzaigunean, Zaku hori neure bizkar gainera jasotzen lagundu zidan, eta han pasa ginen hirurok bi tanke haien ondotik Deustu aldera.

Berriro ere oso harrituta gelditu nintzen, tankeko haiek nola ez ziguten tiro bat ere guri tira. Bai, oso harrituta gelditu ginen, berriz esanda ere.

Baina nola edo hala atera genuen Zaku hori handik.

Ni, artean ere, beste apur batean han egon nintzen, ea nire lagun Etxeberria agertzen ote zen. Baina alferrik.

Eta, negar-malkoa boteaz eta burua makur-makur eginez, Bilboko eskolapioetara joan nintzen, nire lagunetara.

OHARRA: Gerra amaituta, taberna batean bertso-kantari zegoela, Francoren tropekin ibilitako herritar bat hurbildu zitzaion Iñaki Alkaini. Besarkada estu batekin agurtu zuen: “Iñaki, Iñaki! Bizi al haiz, motel?”. Eta segidan: “Aizak, Iñaki: zer-nola ibili hintzen Bilboko Artxanda mendi gainean?”. “Motel, Joxe Joakin, oso gaizki! Lagunik handiena baionetaz hil zidatean; eta gero, hura hilda, han ibili ninduan atzera eta aurrera, zer egin ez nekiela, bi tankeren tartean. Baina zergatik galdetzen didak hori?”. Lagunak orduan: “Zergatik galdetuko diat, bada, Iñaki! Aurreneko tankean ni nintzelako, eta, hi ezagutu eta nola henbilen ikusita, atzeko tankeari nik abisatu nioan hiri ez tiratzeko tirorik, nire oso laguna hintzela eta. Horregatik egon gintuan han geldituta, hik zer egiteko asmo huen. Gero, zauritu bat bizkarrean huela eta beste lagun batekin, bake-bakean pasatzen utzi zintuztegun. Gaur horregatik diat nik sekula izan dudan pozik handiena, hi hemen bizirik eta kantari aurkituta”.

ALKAIN, Iñaki, ZAVALA, Antonio (2018, 2. argitalpena). Gerrateko ibilerak.

Donostia: Hauspoa Liburutegia 3. (357-367). Jatorrizkoa, hemen.

4. Artxandako kasinoa bonbardaketaren ondoren, 1937. Argazkia: Indalecio Ojanguren.
5. Artxandako lubakiak, 1937. Argazkia: Indalecio Ojanguren.
6. Artxandako metrailadore-habia baten hondakinak. Argazkia: Indalecio Ojanguren.
7. Indar kolpistak Bilbon barrena desfilatzen 1937ko ekainaren 19an.

ERREFERENTZIAK

(1) STEER, G. L., NAVARRO, Koro (itzulpena) (2019). Gernikako Arbola. Gerra modernoaren landa-azterketa bat. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. (340).

IKUS HAU ERE

Hektor Ortega, “Infernua Artxandan”, Bilbao, 2020ko maiatza. Audioa, hemen

Irudiak

1. Guregipuzkoa.eus. Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin lizentzia baten mende dago.

2. Memorias de Getxo.

3, 4, 5, 6. Guregipuzkoa.eus Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin lizentzia baten mende dago.

7. via Wikimedia Commons.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper