NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

NIRE AMAMA EUSKALDUNA

Frank Bergon (Ely, Nevada, AEB, 1943)

Testu mota: Artikulua

Garaia: 2009

Atala: Literatura

Jatorrizkoa

Utah-ko desertua. Argazkia: Jone Irazu.


Mendebaldekoak ginen eta Kaliforniako ganadu arrantxo batean bizi ginen. Aita, ama, arrebak, anaia, aitona, izeba eta ni ginen familian, baina amaren aldeko amama gugandik urrun bizi zen mendien beste aldean, Nevadako goi basamortuan, eta apartekoa zen, ez gu bezalakoa. Atzerriko kutsu nabarmenez ahoskatzen zituen «r»ak. Jantzi modaz paseak ibiltzen zituen soinean, eite gabeak, botoiak aurrean zituztenak. Europatik etorria zen. Espainian jaioa. Ile-kizkur urdindu estuen eta betaurreko handi batzuen artetik, aurpegi goxo eta alaia nabarmentzen zitzaion, irribarre etengabekoa, guztiei zien maitasunak eragina.

Nire amama euskalduna zen.

Handik urte batzuetara, Robert Laxalt idazle euskal amerikar ospetsuarekin bazkaldu eta gero, belarretan etzan ginen haren etxe ondoan, ohitura hori baitzuen hark, artzain euskaldunen antzera.

—Mutil-koxkorra nintzela –esan zidan Laxaltek–, ez nekien zer arraio zen euskalduna izatea.

Hori esatearekin adierazi zuen, garbi, umea nintzelarik neuk kontu horretaz nekien guztia. Basque Hotelean jaten nuen, mendian artzain euskaldunak ikusten nituen, eta amama euskaldun bat nuen, baina ez nekien zer arraio zen euskalduna izatea.

Gu amerikarrak ginen lehenik, eta Mendebaldekoak bigarrenik. Edo alderantziz. Nire gurasoak ez ziren sekula Europara joan, eta ez zuten gogorik ere. Nire jatorriaz galdezka estutzen nindutenean, garaiko eufemismo onartuarekin erantzuten nuen, «erdi frantsesa, erdi euskalduna», edo bestela, nire abizenaz galdetzen zidatenean, «frantsesa gehienbat», hori baitzen familiaren aldeetatik argitzen errazena. Frantsesak ziren, nazionalitatez, arrantxoko aita, izeba eta aitona, nahiz eta orduan nik ez jakin haiek ere, hein batean, euskaldunak zirela. Jatorri nahasketa hain tipikoa zen Ameriketan, non ez baitzitzaidan batere arraroa egin amaren anaiari galdetzea gure alde espainola zein neurritan zen euskalduna. «Oso-osorik», bota zidan hitzetik hortzera.

Nire amamak Petra Amoroto Egaña zuen izena eta Esteban Mendive Aurtenecherekin ezkondu zen. Argazkiz eta Atlantikoaren bi aldeetan bildutako pasadizoz baizik ez nuen ezagutzen aitona. Nire emazte Hollyrekin eta Bernardo Arrizabalaga Amoroto lehengusuarekin –Euskal Herriko eleberrigilea bera– aurkitu nuen, Gernikara ematen duen Ajangizko gainaldeko elizako sakristian, hautsez betetako apal batean zegoen liburu batean aitonaren jaiotzaren eta bataioaren eskuzko idatzoharra, hain zuzen ere 1873ko Eguberri biharamunean jaio zela jasotzen zuena. Herrian nire aitonaz gogoratzen zen bakarra Klaudia izeneko emakume itsu bat zen, sutondoan bastoiari helduta isilik eserita egoten zen emakume bat, irratiaren konpainiari ere uko egiten ziona; izan ere, berak azaldu zuenez, bazituen bere oroitzapenak. «Badut beraren aditzea», esan zuen emakume xaharrak gure aitonaz; seme bakarra zen eta Urtsulatarren komentura sartu ziren arrebak ere ba omen zituen, baina Ameriketara joan zen.

Ameriketan, etorkinaren ametsa egia bihurtu nahian ibili zen Esteban arrakastaren maldan gora, lehenik artzain gisa, gero meatzari, merkatari eta hotel-jabe Nevadako Battle Mountain-en, abeltzain eta meatzarien herrian. Familiako kondairak zioenez, artzain euskaldun bat ezagutu omen zuen Nevadan, Markinako bere jaioterriko argazkiak zituena. Haietako batek atentzioa eman zion:

—Nor da neska hori? –galdetu zuen.

—Petra Amoroto du izena.

—Nahiko polita ematen du.

—Hor ematen duen baino politagoa da.

Elkarrizketa asmatu hori nire lehengusu Bernardok Euskal Herriko egunkari bateko zutabean eman zuen argitara, gure iragan denbora komunaren bila Bizkaian barrena egindako bidaien ondoren. Pasadizo horren bukaera bereziaren kontakizuna hau da: egun batean, Markinan, Petra gaztea Bernardoren aitonari hurbildu zitzaion, gutun bat eskuan zuela. Petraren gurasoak hilak ziren, eta bera osaba-izebekin bizi zen.

—Begira zazu zer diñoustan mutil batek Ameriketatik.1

Zer diñoutsu ba?

Neskak gutuna osabari eman zion, eta hark Esteban Mendiveren ezkontza-proposamena irakurri zuen.

Zugaz eskondu nahi dau.

Bai.

Eta zuk zer diñozu?

Horrexegaitik nator zuregana.

Osabak esan zion ez zela joango Ameriketara ezkontzera. Aurrena ahalordez herrian ezkondu, eta orduan joango zela. Petraren lehengusuak jakin zuenean arreba baten parekoa zen neska Ameriketara zihoala, komoda gaineko Petraren argazki markoduna hartu, eta paretara begira jarri omen zuen.

img009 02
Heriotzaren harana. Argazkia: Jone Irazu.

Petrak hogeita bat urte zituen hogeita hamabost urteko Mendebaldeko arrotz batekin elkartzeko New Yorkerako itsasontzira igo zenean. New Yorkera iristean soinean zer janzki izango zituen argitzeko idatzi zion Estebani, baina Esteban, esandakoaz bestera, ez zen agertu. Mezu bat neskari bidali eta Mendebaldean elkartzeko berarekin esan zion, Ogden herrian. Familian diotenez, Estebani telegrama batez erantzun zion, bertan ez bazegoen iristen zenean, etxera itzuliko zela berehala. Herrialde osoa gurutzatzeko bidaia luzean, ingelesez jakin gabe, jantoki-bagoian bere premiak adierazteko, launa silabako bi hitz besterik ez zekizkien: en-sa-la-da eta cho-co-la-te. Ogdeneko geltokian jaitsi zenean, ezaugarritarako, brotxe bat zeraman bularrean.

La Historia de los Vascongados en el Oeste de los Estados Unidos (1917) liburuak dioenaren arabera, señorita Petra eta señor Esteban Ogdenen (Utah) elkartu ziren ezkontzaren lotura santuez. Data 1909ko urtarrilaren 17a zen.

Altzairuzko neska harrigarri hark, Atlantikoa eta Estatu Batuak bere kasa gurutzatu zituenak, zeharo bestelakoa ematen du nik Battle Mountainen umetan ezagutu nuen amama goxoaren aldean. Herrixka hartako kale zolatu gabea harri-txintxarren artean turkesa-txintxarrez zipriztindua zen. Gogoan dut haren sukaldeko ekonomikaren egur errearen usain berezi gozoa, hiru solairuko etxe osoan zabaltzen zena, eta ezko-oihalez estalitako mahaian katilu zuri sendo batean jaten nituen zopak. Goizean, etxean egindako ogiz, kafez, esnez eta azukre mordoaz betetzen zidan katilua. Baina hori guztia bere usategiko «usotxoei» jana eman eta gero izaten zen. Inork ez zuen azkarrago kraskatzen oilasko baten lepoa, odolustu aurretik. Behin, gaua pasatzera gelditu nintzenean, hiru lagunekin Unibertsitateko ikasketak bukatu eta gero herrialdean barrena egin genuen bidaia batean, hantxe zegoen amama goizean goiz jaikita ekonomikan oilaskoa frijitzen, nahi adina eta gehiago, autoan guk gero eraman ahal izateko. «Sekula jan dudan oilasko frijiturik onena da», errepikatzen zuen lagun batek etengabe Kaliforniarako bidean, eta besteak ados ziren. Adostasun horrek harritu egin ninduen garai hartan. Orduan konturatu nintzen zeinen gutxi estimatzen nuen sukaldeko trebetasun hori, segurutzat ematen bainuen amama guztiak nirea bezain trebeak zirela.

Gogoan dut umea nintzela Kaliforniako gure arrantxoko egongelan eserita egoten ginela, eta bazela han gure miradoreez eta sarrerako eukaliptoez harantzago larre bat eta Hereford behi mutur-zurien sail bat. Amamak orduan kakorratz-lanaren korapiloak erakutsi bidenabar, euskarazko hitz batzuk ere erakusten zizkidan. Batzuetan pentsatzen jartzen naiz zer-nolako aldea aurkituko zuen neska bat zeneko bere lurralde berdetik gure artemisia gozakaitzeko basamortura, hain desberdina Euskal Herriko bere jaioterriko mendi berde dirdiratsuetatik. Negar egin ote zuen, artzain euskaldun askok bezala, basamortu goietako bakardadeari aurre egin behar izan zionean, bere jaioterriko soro berdeez oroitzean? Edo lanpetuegia ote zegoen, umeak hazten eta lanean? Zortzi izan baitzituen.

Battle Mountainen bizi zen 1911n, nire ama jaio zen urtean, basamortuan Shoshone Mikeren eta haren familiaren masakrea gertatu zenean. Hura izan zen Estatu Batuetako azken indio masakrea pioneroen garai hartan. Badut zuri-beltzeko argazki zahar bat, Estebanek erosi zuen janari-denda batena; gero bigarren solairua gehitu zion, Mendive Hotel gisa baliatu ahal izateko. Dendan bakailaoa eta kafe eho berria edukitzen zituen, basamortuko euskaldunentzat. Nire etxeko aurreko portxean daukat eskuzko kafe-ehogailu handia. Esteban hil zen arte, amamak gobernatzen zituen bai denda eta bai hotela, eta hotelarekin jarraitu zuen bere azken egunetaraino. Urteetan maindire zikinak garraiatu zituen hoteleko eskailera estu eta pikuetan gora eta behera, etxean garbitzen baitzituen ikuzgailu zaharkitu batean, zabaltzeko burdin-harian zintzilikatu baino lehen. Holly eta biok hoteleko gelak pintatzen laguntzen izan ginen uda batez, osabak esan zigunean hoteleko teilatua konpontzen ari zela eta nire amama, laurogeita zazpi urteko emakumea, leiho batetik igo zela teilaturaino berari laguntzera. Konturatu nintzen altzairuzko neska gazte hura eta nire amama pertsona bera zirela. «Uste diat amamak latzak pasa zituela –esan zidan anaiak–, nahiz eta dena barruan gorde.» Bere umeei, hazi zirenean, denetik gertatu zitzaien: bata erotu, bestea desagertu, beste bat mozkorra atera eta beste bat gazterik hil. Biloba bat Vietnamen hil zioten. Biloba bat eta haren senarra hegazkin txiki batean zihoazela hil ziren –turkesa meategiko meaz kargaturik–, hegazkinak mendia jo eta bertan lehertu zenean. Battle Mountaingo parkeari bikotearen izena eman zioten, haien omenez. Nire amama goizero joaten zen mezatara. «Gauza batzuez, zenbat eta gehiago pentsatu, orduan eta gutxiago ulertzen dira», erantzun zidan jakin zuenean nire ama hil zela. Beste alaba alkoholiko bat, zenbait senar, dibortzio eta maitale izan eta gero –emakume goxoa niretzat–, amamarekin bizi zen, nire arreba umetan Battle Mountainen bisitan izan zen batean. Amama baratzea ureztatzen ari zenean, izeba etxetik atera zen, erabat kargaturik eta maleta txiki bat eskuan zuela. Amamak nora zihoan galdetu zion. «Ez dut gogoan erantzuna –esan zidan arrebak–, baina amamak esan zion, “Zu ez zara inora joango”, eta mangera berari zuzendu zion. Hori itsasita dago nire oroimenean.»

Orain, emakume itsuak bezala, denok dauzkagu gure oroitzapenak argazkiek, kafe-ehogailuak eta gutun gutxi batzuek lagundurik, Atlantikoaren bi aldeetan. Euskal Herriko nire ahaideek gogoan dute nire amamak hirurogei urte zituela nola etorri zen Bizkaira urtebeterako. Ameriketan badira berak bidalitako gutun batzuk. Guk, bospasei biloba amerikarrek, Euskal Herria bisitatu genuenean, Markinako lehengusu batek amama umea zenean familiak zituen zilarrezko baxerako piezak banatu zituen. Gauero, afaltzen dudanean, amamaren deituren hasierako AE letrak grabatuak dituzten zerbitzatzeko koilara eta sardexka dauzkat mahaian. Beste biloba batzuk imajinatzen ditut Mendebaldean, hasierako letra berdinei begira, Euskal Herrian deitura hori bera duten ahaideetako batzuek bezala, nire familia euskaldunari buruzko istorio honen irakaskizuna iradokiz: gure amama euskaldunak lotzen gaitu, gure iraganera, bai, baina baita elkarrengana ere gaur egun.

ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOA: BERGON, Frank, OLARRA, Xabier (itzultzailea) (2009).
«Nire amama euskalduna», Erlea 1: 60-63.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper