NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

ALBUMA

Josu Chueca (Lerin, Nafarroa Garaia, 1956)

Testu mota: Artikulua

Garaia: 1939-1945

Atala: Historia

Jatorrizkoa

Ilustrazioa: José Ramón Urtasun.


1. Berlinetik Gibraltarrera Hendaiatik barrena

Reich-eko hiriburutik Europako hego muturreraino, Gibraltarreraino alegia, lasai joan zitekeen Adolf Hitler 1940ko udazkenean. Maiatzean eta ekainean egindako erasoaldiak zirela medio, Belgikaz eta Holandaz gain Frantzia ere erabat zanpaturik zuen Führer germaniarrak.

Europako hegoaldean zituen dizipulu aurreratuekin, Philippe Pétain eta Francisco Francorekin, elkarrizketatzera joan zen urriaren 23an eta 24an. Espainiakoarekin Hendaiako geltokian elkartu zen. Gibraltarrez, Afrikako Iparraldeaz eta Espainiak Bigarren Mundu Gerran izan zezakeen parte hartzeaz mintzatu ziren. Tren bagoi gotortuan, gorren arteko eztabaida izan omen zen. Baina argi geratu ziren bai Führerraren orduko nagusigoa, bai Caudilloaren zein Verdungo garaile ohiaren lerraketa ardatz faxistaren aldera.

2. Carte de France

Rethondesen, 1918an germaniarrek Lehen Mundu Gerrako porrota sinatu zuten lekuan, tren bagoi berean alegia, garaileek aurkezturiko armistizioa sinatu behar izan zuten frantziarrek 1940ko ekainaren 22an. Ekainaren 12tik bueltaka zebilen erabakia, Pétainek onartu, eta indarrean ezarri zen ekainaren 25etik aurrera. Latza zen frantziarrentzat. Beren armadaren desmobilizazioaz gain, okupazioak zekartzan kostuak ordaindu behar zizkioten armada germaniarrari. Lurraldeari zegokionez, hiru bosten zuzen-zuzen germaniarren menpe gelditu ziren. Gainontzekoa, Pétainek gidatzen zuen gobernu kolaborazionistaren aginduetara makurtuta. Bi lurralde horien arteko muga-lerroa Arnegitik Tourseraino zihoan eta handik ekialdera, Geneva aldera. Eskualde okupatuen artean, Atlantiko aldekoak eta Frantziako iparralde osoa zeuden. Beraz, populatuenak eta aberatsenak. Euskal Herriari zegokionez, Arnegitik abiatuta, Donibane Garazitik eta Donapaleutik gora zihoan lerroa. Ondorioz, Lapurdi osoa eta Nafarroa Behereko eskualde batzuk okupatuen artean gelditu ziren, eta beste herri batzuk eta Zuberoa bere osotasunean, aldiz, Pétainen Frantzian, 1942ko azaroan alemaniarrek Frantzia osoa beren menpe ezarri zuten arte.

3. Ibarneri goraintzi

Philippe Pétainen lehen gobernu kolaborazionistaren aurkezpen argazkia egin zutenean, txano, kepi eta ohiko kapelez gain, bigarren lerroan euskal txapel bat azaldu zen. Zeramana Jean Ibarnegarai garaztarra genuen. Gerlari Ohien eta Familia Frantsesaren ministro izendatu berria zuten 1940ko ekainaren 16an. 1914-1918ko gerran bocheen aurka borrokatu zena, 1938az geroztik boltxebikeen beldurrez bocheen alde, hau da, Municheko akordioen alde lerrokatuta zegoen. Berak eta Frantziako eskuin muturrak izandako erradikalizazioa bistan zegoen 1934az geroztik

Jean Ibarnegarai

Espainiako Gerra Zibilaren aurrean, Ibarnek Molaren eta Francoren matxi- Jean Ibarnegarai noen aldeko adierazpenak egin zituen mitinetan zein prentsako artikuluetan.

Espainiako gerra amaiturik, berriz, gogor aritu zen Pariseko Parlamentuan, Euskaditik zein Espainiatik iritsitako errefuxiatuen aurka. Nikolas Ormaetxea, Orixe, ironia handiz oroitzen zen «Uharteko jaun mera»z, Gurseko kontzentrazio-esparruan egindako egonaldi behartua zela medio. Egun oraindik euskaldun asko oroitzen dira txapela hain harro zeraman euskal faxistaz.

4. Izar judua. Afixa

Ahurraren tamainako sei buru eta ertz beltzak dituen izarra, hizki handiz bere barnean «judu» hitza duena, jantzi gainean ikusgarri eraman behar zuten juduek 1941eko irailaz geroztik. Frantzia okupatuan ere izar horia eramatea ezinbestekoa zuten juduek 1942tik. Vichyko agintariek, beren aldetik, nortasun agirietan juif zigilua ezarri zuten, haien nortasuna salatzeko. Kontrol horietaz gain, fitxategiak eta zerrendak egin ziren nonahi, asmo errepresiboz, eta debekuak ezarri ziren, kirol instalazioak, biblioteka publikoak, antzokiak eta zinemak erabiltzea eragozten zutenak. Halaber, Reichek hartutako jarrera antisemita ontzat emanda, Frantziako agintariek lan depurazioak eta desjabetzeak burutu zituzten. Horrela, Vichyko gobernua zein agintari germaniarrak juduen ondareaz jabetu ziren, «juduek ekonomia nazionalean zuten eragina» kentzeko aitzakiarekin. Nahiko adierazgarria dugu Baionako Edouard Gommez Vaez bitxigile juduari gertatutakoa. Bere dendaz eta etxe osoaz desjabetu zutenean, PPF alderdi eskuindarrak bere egoitza jarri zuen beheko solairuan, eta alemaniarrek etxea bahitu zuten salgai jartzeko.

5. Gurs: barneratze- ala kontzentrazio-esparrua?

«Esparruan sartuko bazina bihotza puskatuko litzaizuke. Aurpegi anemikoak eta begirada tristeak ikusiko zenituzke; jendea jantziak urratuta eta oinutsik. Kexa ugari eta protesta asko entzungo zenituzke. Janaria ongi egina dago baina oso urria da. Anemikoez gain, era guztietako gaixotasunak daude: dela tisia, dela sifilisa, eta 60 urteko zaharrak, erraz irudikatuko duzun egoera fisiko zein psikikoan.» Horixe zen Gurseko «Barneratze-esparruaz» bisitari batek egindako salaketa, eskutitz batean jasotakoa. Antzeko asko daude, barneratuen samina adierazten dutenak. Izan ere, harrera-leku izateko sortutako eremuek kontzentrazio-esparruen ezaugarriak izan zituzten laster. Honela laburbiltzen zuen «Gesalibar» izengoitiz sinatzen zuen errefuxiatuak euskara jatorrean: «Eskubide motzak, janaria ez ugari, zaindari gehiegi». Egoera hori, konpondu beharrean, okertuz joan zen, eta Espainiatik alde egindakoentzat behin-behineko aterpe gisa sortu zenak, Bigarren Mundu Gerraren eraginez, kontzentrazio-esparruen ezaugarriak hartu eta jarraipen luzea izan zuen, 1945eko abendura arte.

6. Artea txarrantxa artean

Leku txarrenetan lagun hoberenak egiten omen dira, eta egoera latzenetan gogo bikainenak azaleratzen. Kontzentrazio- esparruetako artelanak horren adierazle dira. Garai zailak ziren, gerra galduta, Espainiatik alde egindakoentzat. Frantziako agintariek Bramen, Le Verneten, Gursen… eratutako kontzentrazio-esparruetan, Francoren azken parteak zioenez, «desarmaturik eta gatibu» zeuden. Hala ere, argi zuten faxismoaren eta sozialismoaren arteko lehia, demokraziaren eta totalitarismoaren arteko borroka amaitu gabe zegoela. 1939ko udaberriaz geroztik, eztabaidak, etorkizunerako taktikak eta egitasmoak, formakuntza, arte eginkizunak burutu zituzten. Txarrantxaren beste aldean faxismoa gorantz zihoan bitartean, miliziano eta gudari izandakoek harro adierazten zuten sozialismoarekiko eta demokraziarekiko atxikimendua buztinez egindako izar sozialistaren bidez.

7. Heriotzara deportatuak

1942ko ekainaren 11n deportazio masiboak hasi ziren. Wannseen hartutako «auzi judua amaitzeko behin betiko erabakia»ri eutsiz, kopuru zehatzak bezain handiak jarri zituen Adolf Eichmannek Frantziako, Belgikako eta Herbehereetako SS arduradunentzat. Jarduera horrekin bat egin zuten Frantzia ez-okupatuko agintariek. Baionan sarekadak ugaldu ziren, eta Gursen gatibuen leku aldaketak antolatzen hasi ziren. «Helmuga ezezaguneko konboi»en eufemismoaz baliatuta, milaka lagun –14 000, Claude Lahariren arabera– Gursen kamioietan sartu, eta Oloroeko geltokitik Drancy, Le Vernet, Rivesaltesko esparruetara eraman zituzten. Eta handik Auschwitzera. Baionatik ere juduen eta beste indesirable batzuen sarekadak antolatu zituzten Auschwitz-Birkenaun erailak izateko Bordele aldean atxilotutakoekin batera. Bordeletik, 10 konboi atera ziren gutxienez 1942ko uztaila eta 1944ko maiatza bitartean. Gursetik, berriz, 4 konboi abiatu ziren Auschwitzera 1942ko abuztuaren 8tik 1943ko martxoa bitartean. Horietaz gain, beste hainbat eta hainbat bidaia egin ziren Le Verneten edo Rivesaltesen zehar heriotzaren esparru famatu horretan bukatzeko. 1939an harrera-leku gisa eratutako eremuak, azken zigorrarekin amaitzen zen kate-maila tamalgarria bilakatu zituzten 1940-1944 bitartean Frantziako agintariek.

Pekotxetako auzoa. Arnegi.

Erreferentzia bibliografikoa

CHUECA, Josu (2015). «Albuma», Erlea 8: 19-22.

IKUS HAU ERE

Josu Chuecaren artikuluak Argia astekarian.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper