Middlesbrough-etik, 1914ko irailaren 11n eta 13an
...Lehengo egun batean ingelesek gelditu zuten alemaniar arrantza-ontzi bat frantziar ikurrina jarrita Ipar itsasoan zebilena minak ipintzen: hirurehun baino gehiago dira eurek jaurti dituzten minak eta merkantzia-ontziak guztizko arrisku handietan dabiltza. Ontzi guztiek dute txanelak gertuta badaezpada. Negargarria da itsasoan ibiltzea.
Itsasertzetako argi guztiak daude amatatuta eta bakarrik egunez itsaskatzen dugu. Ingalaterrako arrantza-ontzirik gehienak dabiltza atzetik sare handiak dandarrez dituztela minak harrapatzen, eta sarritan eurak harrapatu ohi dituzte tramankulu itzel horiek. […]
Lantegiek behar egiten dute, ontziak badabiltza, salerostea bere bidean dabil, baina begiratzen badiozu edozein ingelesi aurpegira, berehala igarriko diozu bere bihotzaren barru-barruan daukan samintasuna.
Ingalaterrak badauka itxaropena, baina Ingalaterra itun dago. Eta egoteko ere bada, hainbat seme ederren odola ibaiak legez jausten ikusita.
Zer dioten
Itaundurik hemengo edonori albiste onak ala txarrak dauzkaten, beti diote albisteak onak direla.
Egunkari guztiek ez dute egiten besterik Ingalaterra goratu baino.
Itxaropen handia dute garaipena eurena izango dela.
Denek diote oraingoan alemaniar bat ere ez dela geldituko bizirik.
Middlesbrough-etik, 1914ko irailaren 18an eta 22an
...Agur, abertzaleak. Arrisku handietan gabiltza itsastarrok, ba ez dago egunik ontziren bat hondora ez doanik, alemaniarrek ipiniriko mina batek jota. Otoi egiozue ba Ama Birjinari itsasoan gabiltzan gizon txiroen alde.
Cardiff-etik, 1914ko azaroaren 22an eta 23an
Beldurra
Guztiz dabiltza beldurrez ingelesak aspalditxoan. Alemaniar gudaontzi handi bat dabil hemen hur samartxo, eta lantzean behin ingeles gudaontzi bat botatzen du hondora, eta inork ez ikustea nahi duenean urpera sartzen da eta kito. Ikaratuta daude hauek hain ontzi handia behin urpera eta behin azalera ibili ahal izateaz, ba orain arte itsasoetan ibili diren urpekoak hor ehun tona ingurukoak baino ez dira izan.
Belgiarrak
Hainbat aberats belgiar daude hemen inguruan. Ihesita daude euren aberritik. Eta umetxoak ere asko daude aita-amarik ez dutenak zabalduta Ingalaterra guztian.
Ontziak
Ederto ei dabiltza oraingoan ontzi-jabeak, ba guztiz diru asko ematen diete zama hara-horra eroateagatik. Upomendi ontzia Argentinara doa, eta beste asko doaz Italiara, harako ontzi joan-etorriak ere guztiz goitik dabiltza. Bejondeiela.
Hiltzeko tramankuluak
Lehengo egun batean heldu da hona Marte deritzon ontzia eta harriturik daude hango lagun denak ikusi dutenaz. Minak ur-azalean ikusi dituzte eta, eurekin ez topo egiteko hainbat ahalegin eginik, azkenean ere lortu dute Rotterdametik hona etortzea ezer jazo gabe. Horregatik ba, alemaniarrek mina klase bi darabiltzate: ikusten ez direnak eta ur-azalean uren abiadan nora-hara dabiltzanak. Haiek diotenez, samingarria da Rotterdameko kaia ikustea ontzi bat gabe eta kale guztiak gosekilez beterik.
Idazki ederrak
Gogoetaz neure burua bete didate gaur han-hor ikusi ditudan idazki aberkoiek. Holako batzuk ipini behar lirateke Euzkadiko basetxeetako hormetan eta zuhaitzetan anaia denek irakur ditzaten. "Aberria maite ez duen ingelesa, ingeles da". "Ingelesak, ez ahaztu inoiz zeuen asabekin". "Ingelesa, gogora zaitez zelan zure anaia dagoen borrokan aberriaren garaipenarengatik". "Maita ezazu aberria, delako zeure amaren herria", eta abar eta abar...
Beldurra
Zeppelin deritzen aireontziak etorriko ez ote diren beldur dira gure ingelesak. Gauetan trenak nondik nora dabiltzan igarri ez dezaten alemaniarrek, hara zer dagoen bagoi guztietan idatzita: "Bidaztiak, ikusirik gauetan etor litezkeela arerioak goitik, eta trenbide, zubi, eta abar apurtu, agintzen dizuegu denei gauetan eduki ditzazuela leihoak gortinekin itxita, argia ikus ez dadin".
Eta horretaraxe dabiltza oraingoan hemengo trenak, gauetan nondik dabiltzan igartzen ez dutela.
BILBAO, Juan Bautista “Batxi” (1997). Hau mundu arrano hau. [Edizioa: Iñigo Aranbarri eta Koldo Izagirre]. Zarautz: Susa.
Egile berarenak: Eskozian zer berri
IKUS HAU ERE
Juan Bautista Bilbao Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean.
Irudiak
- , via Wikimedia Commons.
- © IWM (Q 53311)
- , via Wikimedia Commons.
- FranksValli , via Wikimedia Commons.