2015eko edizioarekin alderatuta, bikoiztu egin da 2016ko Resurreccion Maria Azkue Literatur Sarietako partaidetza. Gainera, epaileek lanen kalitatea eta tonu berritzailea nabarmendu dute.
A mailan (10 eta 13 urte bitarteko gazteen saila) Lohizune Telletxea, narrazioan, eta Izar Arronategi, poesian, gailendu dira; B mailan (14 eta 17 urte bitartekoak) Peru Amorrortu eta Lide Mikele izan dira irabazleak.
Oiartzun, Ziburu, Irun, Gernika-Lumo, Azpeitia, Ondarroa, Gasteiz, Beasain, Altsasu eta Mungiakoak dira aurten nabarmendu diren idazle gazteak.
1991tik, Akademiak berak eta BBK Fundazioak antolatzen dituzten sari hauen xedea da idazle gazteak literatura mundura erakartzea.
Andres Urrutia euskatzainburuak irabazle eta parte-hartzaile guztiak zoriondu ditu, eta esan die lehiaketa hau "lehen pausoa" baino ez dela beraientzat. "Eta ez dadila izan azkena -gehitu du Urrutiak-, behar beharrezkoak zaretelako euskara bera hedatzeko". Honela, literaturaren bidea jarrai dezaten animatu ditu, bide batez, beraien "sentimenduak, pentsaera eta bizipenak jendeari transmititzeko, euskaraz".
Goizeko 10:30ean egingo da sari-emate ekitaldia, Ürrüstoi-Larrabilen (Zuberoa).
Urteetan eta urteetan euskara eta euskal kulturaren alde egindako lan eskerga saritu du Eusko Ikaskuntzak, hain zuzen, “euskara eta euskal kultura indarberritzeko egin duen etengabeko esfortzu eta lanagatik”.
Saria emateko izendatutako epaimahaiak azpimarratu duenez, Davanten ekarpenak “bat egiten du Manuel Lekuonak euskara eta euskal kultura indarberritzeko izan zituen kezkekin”, belaunaldi oso batentzako ezinbesteko erreferente bihurtu dela.
Jean-Louis Davant filologo, idazle eta euskaltzaina Ürrüstoi-Larrabilen (Zuberoa) jaio zen, 1935ean. Laborantza ikasketak burutu zituen Angers hiriko Mendebaldeko Unibertsitate Katolikoan eta 1957an eskuratu zuen Agronomia Ingeniari titulua. 1961ean, Hazparneko Laborantza Eskolaren sortzaileetakoa izan zen, bertan hasi zela lanean. Agronomia eskolak eman zituen, 1995ean erretiroa hartu zuen arte.
"Piarres Charrittonen ezagutza egin nuen Maule-Lextarreko Saint-François (d’Assise) ikastetxe katolikoan, 1951-1952 eta 1952-1953 ikasturteetan; gaztelania irakatsi zigun garai hartan. Batxilergorako azken urteetan ginen mutiko gazteak bulkatu gintuen Eskualzaleen Biltzarrak urtero eskoletan antolatzen zituen lehiaketetan parte hartzera, eta hor hasi nintzen ni ere euskaraz idazten. Bigarren maila bukatzean, Angerseko laborantza ingeniari eskolan sartzen lagundu ninduen.
Gero, 1957an eta 1958an, Eskualdun Gazteriako kapilau edo omonier lanetan ari zelarik hobeki ezagutu nuen, eta harenganik asko ikasi euskaldungoaz eta euskal mugimenduaren historiaz. Gazte hilabetekariko buru zela, kazeta horretan hilabetero idatzi nuen 1957ko buruiletik 1958ko abendura, lehen urrats publikoak eginez lan horretan. Gainera, karia horretara, Eskualdun Gazteriako, eta, bereziki, Gazte kazetako idazkaria zen Joana Idiarten ezagutza egin nuen, eta 1961az geroztik espos gara, guraso, aitaita-amama ere bai.
(Piarres Charritton)
Hazparneko (Lapurdi) Ehulateia etxean sortu zen Piarres Charritton Zabaltzagarai, 1921eko urriaren 19an, laborari familia batean. Aita-amak, Pierre Charritton eta Gaxuxa Zabaltzagarai, laborariak ziren eta sei haur izan zituzten, eta, horien artean, Piarres bera zaharrena.
Gaur goizean hil da Hazparneko euskaltzain emeritua, 95 urte zituela.
Charrittonen ehorzketa astelehenean izango da, 15:00etan, Hazparneko elizan.
Hil-kapera zabalik egongo da, larunbateko 15:00etatik aurrera, Hazparneko beilatokian. Ordu erdi beranduago, bertaraino hurbilduko dira Akademiako Zuzendaritzako kideak.
Ele indartsuko gizona, ekintzaile aparta, euskalgintzaren erreferente nagusietako bat izan da Ipar Euskal Herrian eta harago.
“Euskara ezpainetan, dotorezia mintzairan, bikaintasuna idazkeran. Halakoxea zen Piarres”, esan du Andres Urrutia euskaltzainburuak.
“Izugarriko kultura zuen eta gaitzeko dohaina hitz egiteko. Euskarari, euskaldungoari eta Euskaltzaindiari egin dien ekarpenik handiena aho-mihizkoa izan da. Baina ber denboran, ez idurian, idazlan handia egin duela ohartzen ahal gara haren bibliografia franko aberatsa ikusiz. Eskerrak zor dizkiogu euskaltzaleok”, aitortu du Jean-Louis Davant idazle eta euskaltzainak, bere laguna gogoratuz.
“Liburu parrasta bat plazaratu zuen, politika mailakoak eta literaturaren historia jorratzen zutenak; hiztegiak halaber. Iparralde honetan norbait zen, norbait hori zentzurik zabalenean hartuz”, adierazi du Itxaro Borda idazle lapurtarrak.
(Piarres Charritton euskaltzain emeritua, 2013ko argazki batean)