Arabako Aldundiak emandako Urrezko Domina jaso dute Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaindiak, "euskara eta euskal kulturaren alde eginiko lan handiagatik".
Ramiro González Arabako diputatu nagusiaren eskutik jaso zuen domina Andres Urrutia euskaltzainburuak, Akademia osatzen duten euskaltzain eta langile guztien partez.
Roberto González de Viñaspre (Euskaltzaindiaren ordezkaria Araban): "Euskaltzaindiaren sorreratik bertatik ondo-ondoan izan dugu Arabako Aldundia, gure jarduna babesten eta bultzatzen. Ezin ahantzi Euskaltzaindia Arabako barne-muinetik sortua dela, hain zuzen, lurralde historikoaren erakunde gorenak bultzatu zuela, duela ia ehun urte, euskal herrietako beste diputazioekin batera".
Andres Urrutia (euskaltzainburua): "Sari berri hau gogo onez hartzen dugu, eta etorkizunean ere duela ehun urte euskal gizarteak emandako mandatuari eutsiko diogu, hau da, euskararen alde lan egiten jarraituko dugu: ekin eta jarrai, gure lema zaharberrituak dioen moduan. Beraz, sari honek erantzukizuna eta lana dakar, onespenarekin batera".
Euskaltzaindiak 2018an eta 2019an ospatuko duen mendeurreneko ekitaldiekin lotuta, lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, Bilbon, Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Hitzarmenaren arabera, Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekintzen sustapena eta publizitatea egingo du EiTBk. Halaber, Euskaltzaindiak egingo dituen ekitaldi eta jardueren berri emango du telebista, irrati eta interneten.
Edozein momentu da egokia liburu bat zabaldu eta irakurtzeko, baina azken hogei urteotako joerari jarraituz, apirilaren 23a ere baliatu daiteke zeregin horretarako. UNESCOren aspaldiko ahalegina -1996an ezarri zen Liburuaren Eguna mundu mailan- egun seinalatua bilakatu da, urteen poderioz. Gaurko egunez, gomendioren bat egitea ere ohikoa izaten da. Hona hemen hiru, Euskaltzaindiaren argitalpenen artean hautatuak:
- 'Euskal Elkargoaren sortzea eta euskararen geroa'. Prestatzailea: Jean-Baptiste Coyos (2018).
- 'Esteve Materraren doctrina christiana (1617 & 1623). Edizioa eta azterketa'. Egileak: Dorota Krajewska, Eneko Zuloaga, Ekaitz Santazilia, Borja Ariztimuño, Oxel Uribe-Etxebarria, Urtzi Reguero (EHU/UPV-rekin batera argitaratutakoa - 2018).
- 'Sociedad y Lengua Vasca en los siglos XVII y XVIII'. Berrargitalpena. Egilea: Juan Madariaga Orbea.
Pasa den asteartean, Bilboko Alhondegian (Azkuna Zentroa), Euskara ataleko Radio Bilbaoren Bikaintasunaren Saria jaso zuen Euskaltzaindiak. Honela, ehun urtez Akademiak "euskararen zaintzan eta erabileran egindako lan eskerga" saritu nahi izan zuten Radio Bilbao irratiko arduradunek.
Andres Urrutia euskaltzainburuak jaso zuen golardoa, baina bere hitzaldian argi utzi nahi izan zuen "kolektibo zabal baten izenean" jasotzen zuela sari berri hau.
Apirilaren 28an, berriz, Arabako Aldundiak emandako Urrezko Domina jasoko du Akademiak.
Guztira 151 lan aurkeztu dira aurtengo lehiaketara, eta epaileek lanen sakontasuna nabarmendu dute. Horrez gain, gizarteak dituen arazoak, kezkak eta pozak gazteek ere bete-betean bizi dituztela azpimarratu dute.
A mailan (10 eta 13 urte bitarteko gazteen saila) Maialen Leiza -narrazioan- eta Lur Lopez -poesian- gailendu dira; B mailan (14 eta 17 urte bitartekoak) Anne Arrizabalaga -narrazioan- eta Peru Amorrortu -poesian- izan dira irabazleak.
Oiartzun, Gernika-Lumo, Azpeitia, Gasteiz, Beasain, Otxandio eta Usurbilkoak dira aurten nabarmendu diren idazle gazteak.
1991tik, Akademiak berak eta BBK Fundazioak antolatzen dituzten sari hauen xedea da idazle gazteak literatura mundura erakartzea.
"Segi literatura jorratzen, segi irudimena lantzen, zuek baitzarete etorkizuneko idazleak", adoretu ditu Andres Urrutia euskaltzainburuak.
- Radio Bilbaoren Bikaintasunaren Saria jasoko du Euskaltzaindiak apirilaren 17an
- Bilbon euskararen erabilera soziala indartzeko hitzarmena sinatu dute Udalak eta Euskaltzaindiak
- Sarako Idazleen Biltzarra, literaturatik harago
- 'Euskal Elkargoaren sortzea eta euskararen geroa' liburukia aurkeztuko du Euskaltzaindiak Sarako 35. Biltzarrean