- "Bai, joan zaigu, asko sufrituta. Gaixotasunak eta seguruenik gaixotasuna ekarri zioten bidegabekeriek eragindako sufrikarioak pairatu ditu. Lehenik eta behin, familiari eta lagunei bidali nahi dizkiet une honetan mindurik dudan bihotzetik nire doluzko goraintziak.
Irakurri gehiago: Joan Mari joan zaigu. Nahigabe bikoitza Iruzkin berria idatzi
- Joan Mari Torrealdai euskaltzain osoaren hil-kapera Usurbilgo beilatokian jarri da.
- Gaur, larunbata, goizez, 09:00etatik 13:00etara, eta arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara.
- Bihar, igandea, 09:00etatik 13:00etara.
- Azken agurra Usurbilgo done Salbatoreren eliz parrokian egingo da, astelehenean (abuztuak 3 dituela), 18:00etan.
- "Joan Mari Torrealdai euskararen eta euskaldunen zerbitzuko zaldun bihoztoi bat izan da. Borroka horretan ezagutu nuen gazterik, duela urte andana ederra, oraino frantziskotar anaidi horretan zegoela. Gero jantziz aldatu zen, haatik ez eginbidez. Euskarari bizia eman dio eguneroko lanetan. Sail horretan langile argia eta nekaezina izan da, bereziki kazetaritza konprometituan, baita liburugintza jakintsuan ere. Ber denboran gizon alaia, lagunkina, baikorra, oroitzapen eder asko uzten didana, eta naski ez niri soilik. Artetik aitor dezadala mendiaren maitasun handia konpartitzen genuela, bereziki Monte Perdidon batak eta besteak nor gure aldetik eginiko txangoak elkarrekin aipatuz. Penak eta doluminak araberan.
- 2018an, Mendeurreneko ospakizunen baitan egin zen Arantzazuko biltzarrean, Euskaltzaindiak prestatutako Euskara Batuaren Adierazpena irakurri zuen Joan Mari Torrealdaik. Hamar puntutan euskara batuaren garrantzia, ibilbidea eta erronkak berresten dituen agiria irakurri zuen, berrogeitik gora eragile publiko zein pribatuk sinatu zutena.
- "Hori da, gutxienez, Joan Mari Torrealdairi zor dioguna, Laudorioa. Izan ere, haren eginak eta ekinak biografia soil batean baino, goragoko mailan jartzeko modukoak baitira. Hartara, bere zereginetan neke eta etengabe uztartu ditu Joan Marik bi osagarri ezinbesteko, sarri-sarri bereiz eta banandurik agertzen zaizkigunak. Bateko, jakintza, jakin-nahia, ikastea izan ditu gogoko txiki-txikitatik, eta berak askotan aitortu zuen moduan, eta horrekin batera, ekintzetarako asmoa eta erabakimena, jakintzatik zetorkiona gizarteari itzuli nahian jardun baitu Torrealdaik bere bizitza osoan.