Euskaltzaindiak 'Amiküze eskualdeko eskuara' ikerlana publikatu berri du, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz (gure web orrian eskuratu daiteke: klikatu hemen).
Liburu honek urte luzeetako lana dakar, hots, Nafarroa Behereko goi alderdiko ibar bateko euskararen azterketa sakona. Indarra galduz doa euskara Donapaleu buru duen Amiküzeko eskualdean, gizartean ahul dago, horregatik, azken urteetan adineko jendeekin egonez mintzoa biltzea eta aztertzea izan da lan interesgarri honen helburua. Horretarako, Amiküzeko eta ondoko ibarretako herrietara jo du egileak, grabazio luzeak egitera: 49 herritara jo du, eta adineko euskaldunen etxeetan jardun du datuak biltzen.
Iñaki Camino Lertxundi doktoreak ondu du lan berria, eta, Amiküzeko biztanleen mintzoaz gain, eskualdeko euskal testu historikoak aztertu dira. “Ez Amiküzekoak bakarrik, baita ondoko Zuberoako, Hazparnealdeko, Bardozeko Aturrialdean, Arberoako edo Oztibarrekoak ere”, egileak berak azpimarratzen duen legez.
(Iñaki Camino Lertxundi EHUko doktore eta ikerlaria, Nafarroan egindako aurkezpen ekitaldian).
Besteak beste, Arabako eta Gipuzkoako lurralde-ordezkari berriak izendatu dira. Aurrerantzean, Roberto Gonzalez de Viñaspre izango da Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria, eta Miriam Urkia Gipuzkoakoa. Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko ordezkariak orain arteko berak izango dira, hain zuzen, Andres Iñigo eta Xarles Videgain.
(Miriam Urkia, Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkari berria)
Dekretu baten bitartez, Akademiaren B tituluarekin batera, Herri Ardulararitzaren Euskal Erakundearen (HAEE) eta Osakidetzaren 4. hizkuntza eskakizunak, eta HABEren 4. mailako egiaztagiriak C2rekin baliokidetu dira.
Andres Iñigo (euskaltzaina eta HABEko Patronatoan Euskaltzaindiaren ordezkaria): "Eskertzekoa da hartutako erabakia, hain zuzen ere, horren bitartez, bere garaian ilusio, interes eta esfortzu bereziarekin B titulua lortu zutenei merezi duten errekonozimendua aitortzen zaielako; Euskaltzaindiaren kasuan B titulua lortu zuten 240 pertsonei".
Pasa den ostiralean, Euskaltzaindiak Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren VIII. liburukia aurkeztu zuen, Baionan.
Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) mapetan jasotzen ditu ahozko euskararen aldaerak, eta argitaraturiko liburuki guztiak (mementoz, zortzi) kontsulta daitezke Euskaltzaindiaren web orrian (www.euskaltzaindia.eus/ehha), 6. liburukiko audioekin batera.
Adolfo Arejita da Atlasaren zuzendari akademikoa, eta egitasmoaren nondik norakoak azaltzen ditu 'Plazaberri'ri beren-beregi eskainitako elkarrizketa honetan: "VIII. liburuki honetan aipatzen diren zenbait langintzaren inguruko izenak joanak dira, ahantziak, langintzekin berekin batera, hartarako erabiliak ziren lanabes, tresna eta tramankuluekin batera".
Baserriko zenbait lanabesen izenak biltzen ditu Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren VIII. liburukiak
250 mapaz osaturiko liburuki berrian lexikoa da landutako arloa eta zenbait esparrutako hitzak eta esamoldeak jasotzen dira. Baserriko lanabes batzuen izenak bildu dira (sega-potoak, eskuareak, segak...), eta arlo bat baino gehiagotako prozesu eta langintzei buruzko informazioa ere ageri da (ardogintza, ogia eta bizkotxoa, lixiba, artilea eta lihoa...).
Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskararen aldaerak (iraganekoak eta gaur-gaurkoak) mapetan jasotzea du xede, eta argitaraturiko liburuki guztiak (mementoz, zortzi) kontsulta daitezke Euskaltzaindiaren web orrian (www.euskaltzaindia.eus/ehha), 6. liburukiko audioekin batera.
Adolfo Arejita (EHHAko zuzendaria): “Atlasaren balioa datza, besteak beste, erreferentziazko eduki bihurtu dela egungo eta geroko belaunaldiei buruz. Gure aitzineko euskaldun izan direnen ondare bizia dugu Atlasa, hala irakaskuntzan, hala aisialdian, hala bestelako euskara biziberritzeko ariketa eta jardueretan lagungarri eta osagarri gertatuko dena”.
Xabier Egibar (Laboral Kutxa Negozio Garapenerako zuzendaria): “Ohore bat da niretzat liburuki berri honen aurkezpenean egotea, hamabitik zortzigarrena dena, dudarik gabe Euskararen Herri Hizkeren Atlasari ikuspen handiagoa emango diona. Honelako proiektu bat borondate askori esker egiten da, eta, hain zuzen, Laboral Kutxaren betiko borondatea izan da ondare hau berreskuratu eta belaunaldi berrien eskura jartzea”.
X. Egibar: “Atlas honen balioa ez da bakarrik linguistikoa, gure arbasoen ekandu eta bizitza ezagutzeko aukera aparta ematen digulako. Honela, ezaugarri linguistikoei etnografikoak gehitzen zaizkie”.
Andres Urrutia (euskaltzainburua): “Ipar Euskal Herrian aurkeztu da lehenengoz lan dialektologiko indartsuenaren ale berria, eta horrek erakusten du euskararen batasuna Euskal Herri osoan, eta erakusten du, baita, batasun horrek aniztasunean daukala oinarria”.