Egun hauetan, Patxi Salaberri euskaltzaina Debrecen hirian (Hungarian) egin den mundu mailako onomastika kongresuan (ICOS-en) izan da. Bertan, mota guztietako eta mundu guztiko izenak aztertzen dira.
Salaberrik Luzaide (Nafarroa) hartu du oraingoan aztergaitzat, muga herria den aldetik. "Hasteko, historia pixka bat egin dut, muga egon denez, behin baino gehiagotan erre eta arpilatu baitute Luzaide; eta gero Garaziko eta Baigorri aldeko beste herriekin komunean zer duen zehazten saiatu naiz, eta, era berean, mugaz hegoaldekoekin (Auritz, Aurizperri, Mezkiritz, Aezkoa ibarra) dituen desberdintasunak azaldu ditut: legez espainola da, baina onomastikaren aldetik, bertako euskararekin gertatzen den bezala, garaztarra da".
Hau ez da Salaberrik ICOS-en parte hartzen duen lehen aldia. Adibidez, azkenaurrekoa Glasgow herrian izan zen, Eskozian, eta aurretiaz egin diren beste aldi batzuetan ere egon da ikerlari nafarra.
Irailaren 11n, Euskaltzaindiak Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoa oinarritzat duen erakusketa inauguratuko du Baionako Euskal Museoan. Inaugurazio-ekitaldia 18:30ean izango da, Museoan bertan.
Erakusketa berri honetan arreta berezia jarriko da Ipar Euskal Herriko grabazioetan jasotako informazioan (formak, berezitasunak, berri-emaileak, audioak...).
Orain arte, 'Euskara ibiltaria'ren hiru edizio egin ditu Akademiak: Beasainen, Portugaleten eta Bilbon, hain zuzen.
2017-2022 epealdirako otsailean izenpetu zen hitzarmen-markoaren aurtengo eranskina sinatu dute, gaur, Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskaltzaindiak.
Eranskin honetan lankidetzaren 2017ko ardatz berriak aletzen dira, egitasmo konkretuak aurkeztuz. Besteak beste, toponimo arautu bakoei buruzko grafia arautu bat proposatuko du Akademiak eta argitalpen proiektuen hizkuntza kalitatearen azterketa eginen du. Euskararen profesionalen hizkuntza gaitasuna hobetzeari buruzko lankidetzan ere jardungo dute bi erakundeek, eta, era berean, Euskaltzaindiaren beraren lana gizarteratzeko ahalegin berezia egingo dute.
Andres Urrutia euskaltzainburuak egungo eta geroko erronkak aipatu ditu bere berbaldian: “Euskararen Erakunde Publikoa, Euskaltzaindia eta hizkuntzaren kalitatea, horra hirukotea eta horra, baita, erronka. Finean, erakunde biek partekatzen baitute helburu edo xede bera: euskara eta euskal kultura aitzinatu”.
Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak adierazi du aurrerapauso berri bat suposatzen duela Akademiarekin lortutako hitzarmenak, bere hitzetan, “Ipar Euskal Herrian euskararen presentzia indartzeko baliagarria izanen delako”.
Euskera 2016,2 ikerketa zenbakia irailean argitaratuko da. Zenbaki arrunta (Euskera 2016, 61,1) sarean soilik argitaratu bada ere, ikerketa zenbakia paperean irakurtzeko aukera ere izango da.
Aurtengo ikerketa zenbakiaren gai nagusia Euskararen Biziberritzearen Erronkak jardunaldiak emandako ondorioak izango dira. Horren harira Patxi Saezek eta Bittor Hidalgok euskararen egoera eta erronkei buruzko artikulu argigarriak aurkeztuko dizkigute. Olatz Altunak eta Maialen Iñarrak kale-erabileran jarriko dute arreta. 2016ko azterketak emandako datuak oinarri hartu eta erabilerak dituen erronken gainean hitz egingo digute. Patxi Juaristik, ordea, hiztun komunitateek izan beharko luketen harremanez hitz egingo digu, balore etikoetan oinarritu behar diren harremanez.
Zenbaki honen prezioa 20 eurotakoa da, eta, urtero ikerketa zenbakia jaso nahi izanez gero, harpidetu zaitezen gonbidatzen zaitugu. Harpidetzaren prezioa 18 eurotakoa izango da, bidalketa gastuak barne. Interesa izanez gero Argitalpen eragilearekin harremanetan jarri: Jon Artza: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko..
Euskaltzaindiak bere web orrian jarri du Euskera 2016, 61,1 zenbakia. Zenbaki honek Euskaltzaindiaren lana eta bizitza akademikoa biltzen ditu.
Orain arte paperean argitaratu bada ere, hemendik aurrera, soilik sarean jarriko da.
2016ko zenbakian, ohiko atalez gain, Miguel Javier Urmeneta eta Jose Antonio Loidiren jaiotza-mendeurrenaren karietara antolaturiko ekitaldien berri ematen da.
Halaber, Euskararen biziberritzearen erronkei buruz eta Ipar Euskal Herrian hizkuntzak bizi duen egoera lantzeko egin ziren jardunaldien albiste ematen da. Tartean, Kike Amonarrizen eta Josu Waliñoren ekarpenak jaso ditu argitalpen berriak (Amonarrizen 'Berrikasi eta berrikusi. Euskaltzaleok batzen gaituena garrantzitsuagoa delako' eta Waliñoren 'Euskara eta Internet: zortzigarren lurraldea konkistatzen').
- "Frantses kulturaren indarra makro erakoa da eta horri euskaltasunaren bidez aurre egiteak izugarrizko eginahala eskatzen du"
- 2017-2021 aldirako organigrama eguneratu du Euskaltzaindiak
- Euskaltzaindiaren B titulua aitortu du Eusko Jaurlaritzak
- Adolfo Arejita: “Gure aitzineko euskaldun izan direnen ondare bizia dugu Atlasa”