Adierazpen instituzional batekin, Nafarroako Parlamentuak aintzat hartzen du euskara batuak euskararen historian eta normalizazioan izan duen garrantzia; "izan ere, ezinbesteko tresna izan da euskara bizitza sozialaren esparru asko eta askotara hedatzeko", azpimarratzen du adierazpenak.
Honela jarraitzen du testu ofizialak: "Nafarroako Parlamentuak aintzat hartzen ditu eta azpimarratu egin nahi ditu euskara batuak euskararen etorkizunean eta garapenean izan behar duen garrantzia eta zeregina, eta berretsi egiten du batuaren erabilerak zer-nolako balioa duen gizartearen esparru orotarako, hainbestekoa non ezinbestekoa bilakatu baita hizkuntzaren normalizazio prozesurako".
Gaur izenpetutako lankidetza hitzarmenaren bidez, 2018an eta 2019an Euskaltzaindiak antolatuko dituen ekintza eta egitasmoak babestuko dituzte Bizkaia Irratiak eta Tokikom-ek.
Mendeurrenaren atarian, euskal lurralde guztietako hedabideekin lankidetza hitzarmenak izenpetzen ari da Euskaltzaindia. Akordio hauen helburua garbia da: ahalik eta hedadurarik zabalena eman mendeurreneko ekitaldi eta egitasmoei.
Lankidetza hitzarmena sinatu zuten, atzo, Euskaltzaindiaren Donostiako egoitzan (Luis Villasante Ikergunea). Hitzarmen honi esker, Euskaltzaindiaren Mendeurrenean begiz jotako zenbait argitalpen (elektronikoak zein paperezkoak) diseinatu, ekoitzi eta argitaratuko ditu Elkar Fundazioak.
Bere aldetik, Euskaltzaindiak Elkar Fundazioaren ikurra ipiniko du Mendeurrena dela-eta aurreikusiriko jardueretan, bi aldeek adosten dutenaren arabera.
Euskaltzaindiak bere Osoko bilkura egin du egoitza parlamentarioan; Akademiak egindako lana aitortzeko ekitaldi instituzionala amaitu denean hasi da Arantzazuko jardunaldien aurreko bilkura.
"Aurten ehun urte beteko dira Euskaltzaindia sortu zenetik. Mende oso bat Akademiak euskararen alde, bai bera ikertzen, bai bera jagoten. Orain ehun urte, orduko euskal herritarren ordezkari instituzionalek ikusi zuten beharrezkoa zela erakunde bat, euskararen bidea prestatu eta bidean aurrera zuzen jarraitzen gidatuko zuena. Erakunde hori pertsona adituek osatu behar zuten. Akademiak euskararen ezberdintasunak aztertuko zituen, hutsuneak bete, hitzen forma eta esangura finkatuko zituen, eta idazteko modu bakar bat ezarri; euskalkietatik bat ere baztertu gabe, haiek elkarren osagarri eta elkarren aberasgarri erabiliko zituen, eta, azkenean, erakunde horrek hizkuntza garbia, akasgabea eta jakintza-arlo guztietarako egoki eta erabilgarria izango zena ezarriko zuen. Horrela irudikatu zuten Euskaltzaindia garaiko Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako ordezkari instituzionalek euskararen esparru osorako akademia bat eragin zutenean.