190. araua (Munduko herriak eta etniak) argitaratu du Euskaltzaindiak.
Arauaren lehen atalean, munduko herriak eta etniak euskaraz izendatzeko irizpideak zehazten dira. Etniaren izena egoten da hizkuntza-izen askoren eta leku-izen askoren jatorrian. Adibidez, amharera hizkuntza amhara etniaren hizkuntza da, eta balutx etniaren izenetik eratorria da Balutxistan leku‑izena.
Arauaren bigarren atalean, etnia-zerrendak daude, euskaraz, eta, ohi bezala, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko ordainak ere ematen dira. Guztira, 177 etnia sartu dira zerrendan.
Mariano Mendigatxa hil zeneko mendeurrena dela eta, Bidankozeko (Nafarroa) herriak eta Euskaltzaindiak ospakizun bat antolatu dute irailaren 1erako.
Hau da aurreikusitako egitaraua:
- 11:00etan, Mariano Mendigatxari buruzko hitzaldia. Hizlaria: Gotzon Pérez Artutx (Bidankozeko semea, Bidankozeri eta Mendigatxari buruz zenbait lan egin ditu -Bidankozeko webgunean ikusi ahal dira- eta aurtengo Euskera aldizkarian argitaratzeko Mendigatxa hizpide izanen duen artikulu luzexka bat prestatzen ari da).
- Ondotik, herriaren eta Euskaltzaindiaren izenean, oroigarri bat jarriko da Mendigatxa zenaren sortetxean. Han hitz batzuk eginen dituzte Bidankozeko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak. Azkenik, herri bazkaria izanen da.
Mariano Saturnino Mendigatxa Ornat (Bidankoze, Nafarroa, 1832- 1918) nekazaria zen, euskara aberatsekoa, eta Bonaparte printzearen eta Azkueren berriemaile izan zelako egin zen ezaguna. Idatzi zituen gutunak erronkarieraren lekukotzat gorde dira.
Mendeurreneko lehen jardunaldia Baionako Herriko Etxean izanen da, irailaren 13an: 'Euskara batua eta Ipar Euskal Herria (1964-2018)'.
1964an Baionan egin ziren bilkuren ekarpenak gogoratu eta aztertuko dira, goizetik hasi eta arratsalderaino.
Parte-hartzaileak: Jean-Louis Davant, Gexan Alfaro, Janbattit Dirassar, Joseba Intxausti, Itxaro Borda, Peio Jorajuria, Jose Luis Aizpuru, Aines Dufau, Joseba Garai, eta Naroa Gorostiaga.
Izen-ematea: irailaren 10era arte (Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. / 0 559 256426/ 943 428050/ 94 4158155).
Euskaltzaindiaren 2017ko Oroitidazkia Akademiaren webgunean bertan irakur daiteke, jada.
Akademiak 2017an egin zituen lanen berri ematen duen txostena da Oroitidazkia, eta PDF formatuan eskaintzen da.
Ohi bezala, 2017ko Oroitidazkiak ondoko atalak ditu: Xabier Kintana Akademiaren idazkariaren sarrera, Erakundearen jarduerak; Akademia jarduera; Erakundearen zerbitzuak; Herri administrazio eta erakundeak; Webgunea eta gizarteratze lana; eta Euskaltzaindiaren balantzea eta galdu-irabazien kontua.
Hauek dira euskaltzain urgazle berriak: Andres Alberdi Gorostiaga, Irene Arrarats Lizeaga, Xabier Peritz Mendizabal 'Euzkitze', Josu Pikabea Torrano eta Luis Mari Zaldua Etxabe gipuzkoarrak; Jon Aizpurua Espin, Ainhoa Arregi Saratxo, Asier Bidart Meabe, Agurtzane Elordui Urkiza eta Gotzon Lobera Revilla bizkaitarrak; eta Ipar Euskal Herriko Céline Mounole Hiriart eta Allande Socarros Estekondo.