Asteazken honetan, otsailak 7 dituela, Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campusean antolatuko den ekitaldian izango da Miren Azkarate euskaltzaina. 'Begiradak' zikloaren barruan kokatzen da solasaldi hau, eta Donostiako Campuseko Gradu aretoan egingo da. Bertan, Miren Azkarate euskaltzainak eta Jesus Mari Lazkano artistak parte hartuko dute, 09:30etik aurrera.
Jakina denez, Euskaltzaindiak Bilbon du egoitza nagusia (Plaza Barria, 15), baina ordezkaritzak ditu Baionan, Gasteizen, Iruñean eta Donostian.
Azkenaldian, Donostiako ordezkaritzaren erabilera bultzatzeko ekimenak sustatu ditu Akademiak, arrakasta osoz. Esaterako, pasa den ostiralean, Gipuzkoako 35-40 euskara teknikari elkartu ziren Luis Villasante Ikergunean -Tolare baserrian-, Aldundiak antolatutako mintegi batean.
Ondorengo hilabeteetan bestelako ekintzak izango dira bertan: adibidez, otsailaren 15ean Elhuyarrekoak joango dira Villasante Ikergunera; eurek egindako proiektu bat aurkeztuko diote euskalgintzari.
Euskaltzaindiaren Euskararen Ikergunea 2011n inauguratu zen. Akademiak Gipuzkoan dituen zerbitzu, egitasmo eta lantalde guztiak batu ziren bertan: ordezkaritza ez ezik, akademiaren hizkuntza kalitate zerbitzua, Joanes Etxeberri egitasmoa (Euskararen Historia Soziala) eta Euskaltzaindiaren Hiztegigintzan lan egiten duten taldeak daude Tolaren -Akademiaren jardunean ezinbestekoak diren bestelako batzorde eta lantaldeak ahaztu gabe-. Eta Ikerguneari 1970etik 1988ra euskaltzainburua izan zen Luis Villasanteren izena jarri zion Akademiak.
(Pasa den ostiraleko mintegia, Donostiako Villasante Ikergunean)
Otsaileko Osoko bilkuran jakingo da zeintzuk diren Patxi Uribarrenen eta Joan Mari Torrealdairen lekua beteko dutenak. Uribarrenek Araba ordezkatu izan du orain arte Euskaltzaindian.
Gaurko Ageriko bilkuran Hiazinto Fernandorena, Marie Jeanne Minaberry, Piarres Charritton eta Luis Mari Mujika omendu ditu Euskaltzaindiak, haien ibilbideak gogoratuz.
(Miriam Urkia hizkuntzalari gipuzkoarra)
Euren omenezko hilberri-txostenak irakurriko dira, bihar, Gipuzkoako Foru Aldundian (Iargi Aretoan), 12:00etatik aurrera.
Halaber, eta Vuelta a España-k Bizkaiko lurraldearen eremu zabal bat zeharkatuko duenez, Akademiak gutunak bidali dizkie Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiari, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuari eta Bizkaiko Euskara eta Kultura Foru diputatuari.
Bestetik, aurten Barakaldoko Bilbao Exhibition Center-en antolatuko den MTV Europe Music Awards eta Bilbon jokatuko diren Europako errugbiko Challenge eta Champions txapelketako finalak direla eta, eskaera bera luzatu die Bilboko, Barakaldoko eta Getxoko alkateei.
Euskaltzaindiak arduradun horiei guztiei gogorarazi die toki "duina eta aproposa" izan behar duela gure hizkuntzak aurten antolatuko diren ekitaldietan, "gutxienez, gainerako hizkuntzen parekoa" izan behar duena.
Euskaltzaindia euskal hizkuntzaz arduratzen den erakunde aholku emaile ofiziala da, Errege Akademia denez gero (1976), eta, Frantziako Errepublikan, Onura publikoko erakunde aitortua da (1995), eta bere egitekoen artean dago herritarren hizkuntza-eskubideak zaintzea. Hortaz, euskal hiztunen eskubideak arretaz zaintzeko eskatu die Ipar zein Hego Euskal Herriko ordezkari publiko eta sustatzaile pribatuei, ekitaldiotan "euskarari zor zaion tokia emanez".
Euskararen Akademiak baikortasunez hartu ditu halako ekitaldiak, euskal ekonomian eragina izan ez ezik, Euskal Herria eta gure hizkuntza eta kultur ondarea nazioartean ezagutzera emateko aukera paregabea dela iruditzen zaiolako.