Euskal Nobela Beltzaren astea urtarrilaren 15etik 21era izanen da, Baztanen. Besteak beste, Txomin Peillenek, Iratxe Fresnedak, Arantxa Iturbek eta Irati Jimenezek parte hartuko dute bertan.
Urtarrilaren 17an izanen da Peillenen txanda, eta Joxe Anjel Irigarai ohorezko euskaltzainak elkarrizketatuko du, Amaiurko elkartean, 19:00etatik aurrera.
(Txomin Peillen euskaltzain osoa)
Euskaltzaindiarentzat urte emankorra izan da 2017a: Azkue Literatura Sariak, EIEren 35. urteurrena; Bertsolari Txapelketa Nagusia; 52. Durangoko Azoka; 34. Sarako Biltzarra; Orotariko Euskal Hiztegia; Herri Hizkeren Atlasa -VIII. liburukia-; Xalbadorren Eguna; gure egoitzan eginiko kontzertu akustikoen zikloa; argitaratutako liburu eta ikerketa-lanak; lortutako akordio eta lan-hitzarmenak; 20. KORRIKA; 'Euskara Ibiltaria'k eta 'Pirinioetako Hizkuntzak' erakusketek izandako arrakasta; Piarres Charritton ohorezko euskaltzain handiari eginiko agur sentikorra; Hiztegi Juridikoaren aurkezpenak; EGUNAri eginiko gorazarre zabala; ERLEAren hamaikagarrena; Arestiri eginiko omenaldi mamitsua; jasotako eta emandako sariak; sare sozialetan izan dugun harrera abegikor eta bizia; egoitza desberdinetan jasotako bisitak; antolatutako mintegi eta jardunaldiak...
Eskerrik asko 2017an gurekin bat egin duzuen guztioi.
2018-19an ehun urte beteko ditugu, eta berretsi egiten dugu duela ehun urte euskal gizartearekin partekatu genuen konpromisoa: euskararen alde egitea, gure hizkuntza zaindu eta aitzinatzea, merezi duen prestigioa emanez.
Hona hemen 2017ak eman duenaren lagin bat, bideo labur batean bildu duguna.
2018rako iragarrita dagoen 'Euskaraldia–11 egun euskaraz' jarduera Euskaltzaindiaren urteko azken Osoko bilkuran aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak.
Bingen Zupiria (Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua): “Euskaraldiak batu egingo gaitu 2018an eta 2019an zehar. Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatuko dugun garai bertsuan anbizio handiko proiektu hau izango dugu martxan euskararen lurralde osoan, hizkuntza-ohituretan eragiteko eta erabilerari bultzada bat emateko asmoz”.
Andres Urrutia (euskaltzainburua): “Akademia euskalgintzaren parte aktiboa izan da betidanik. Eta oraingoan ere beste horrenbeste egin nahi dugu, Euskaraldiarekin bat eginez, nola ez, bere helburu eta asmoekin”.
“Beraz, horixe bera eskatuko diet jatorriz euskaldun direnei, aktiba daitezela berehala; baina, horrezaz gain, abegikor eta ulerkor porta daitezela euskararen mundura etengabe hurreratzen diren horiekin, euren burua euskalduntzeko asmotan baitatoz eta beraiek baitira euskararen etorkizuna”.
(Mikel Arregi, Elena Laka, Andres Urrutia, Bingen Zupiria, Esti Alkorta eta Miren Dobaran, gaurko agerraldian)
Mikel Arregi (Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren zuzendaria): “Egitasmo garrantzitsua da, baita Nafarroan ere, non euskaldunen kopuruak gora egin duen azken urteotan. Baina orain euskaldun horiek aktibatzea falta da, euskaraz bizi daitezen”.
Elena Laka (Topaguneko lehendakaria): “Euskararen aldeko herri mugimenduak biltzen ditugu Topagunean, beraz, badakigu lankidetza zer den. Eta momentua da lankidetzan jarduteko, erakunde eta gizarte eragileok, guztiok batera, inertziak astindu eta hizkuntza ohiturak alda ditzagun, gure eguneroko harremana euskaraz izan dadin”.
Beste behin, mamitsu dator Markina-Xemeingo karmeldarrek publikatzen duten aldizkaria, bere 300. ahaleginean. "Zenbaki biribilak etengabeko ekintzen bizitza adierazten du, urte askotako ekintza kulturala", diote arduradunek, eta gogoratu dute aldizkariak "egoera soziopolitiko txarretik" jaso ahal izan zuela burua, "nahiz eta mehatxupean egon...", eta adierazi dute "bizirik eta gogo handiz" bere fruituak gaur arte eskainiz jarraitu duela.
Beraien ibilbide luzea (1931n hasi zena) ere gogoratu dute 300.ean, eta zenbakiekin ilustratu dute eginiko ekarpena: 700 idazle, 5.000 idazlan inguru, 3.500 olerkitik gora publikatuak... Eta aurrerantzean ere zeregin horretan jarraitzeko asmoa erakusten dute zenbaki berrian, hots, euskara eta euskal kultura hauspotzen eta sustatzen jarraitzeko asmo irmoa.
Aurkibidean denetarik dugu: Xabier Amurizaren kultura-ekarpena aztertzen du Luis Baraiazarrak; Maite idazle mungiarraren kronikak; Javier Arrieta eta Joseba Aurkenerenaren ipuinak, Karlos Linazasororen eta Luis Baraiazarraren poemak; Pilare Baraiazarrak Iñaki Beristaini eskainitako bertsoak; edo Gasteizen Euskaltzaindiak azaroan antolatu zituen JAGON jardunaldien azterketa interesgarria, Iñaki Martinez de Lunak egina (Araba, euskaraz bidea egiten).
Urrian sumatutako gorakada azaroan ere nabaritu da. Honela, gure web orriak 89.519 bisita jaso izan ditu aurreko hilabetean, guztira 408.198 bistaratze izan direla.
Iaztik datorren joerari eutsiz, Euskaltzaindiaren Hiztegia izan da gehien kontsultatu den edukia: 157.451 bistaratze izan ditu azaroan. Atzetik, Euskal Onomastikaren Datutegia (84.494 bistaratze) eta Orotariko Euskal Hiztegia (57.761). Arauak ere kontsultatzen ditu erabiltzaileak, eta azaroan 7.869 bistaratze izan ditu atal garrantzitsu honek; Hiztegi Batu Oinarridunak, 9.438 bistaratze; eta JAGONET kontsulta zerbitzuak, 7.300.
Guztira, irailean, urrian eta azaroan 256.917 bisita jaso ditu gure atari digitalak. Beraz, eskerrik asko erabiltzaile guztioi.