Gaur hil da Tolosako alaba, 91 urte zituela. Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu du "emakume aparta" izan zela Karmele, "erresistentzia garaian euskal kulturaren aztarnak biltzen eta hurrengo belaunaldiei transmititzen saiatu zena". "Guretzat eredugarria eta erakargarria izan zen", aitortu du Urrutiak, eta eskatu du "ohorea eta gomuta berarentzat, aldirik zailenetan euskara eta euskal kultura sustatu zituelako".
"Emakume ukitua osotara", Elixabette Garmendiak 'Bidegileak' sailean aspaldi argitaratutako biografian azpimarratzen duen legez: "Etnografiaren barruan bereziki landu dituen ataletan, direla jaiotza eta heriotzarako erritualak, maitasun eta ezkontza kontuak, aisialdirako ohiturak edo osasuna zaintzeko erremediak eta, oro har, eguneroko bizitza xume bezain duinari dagozkion jokamoldeak... Horietan denetan, emakumearen ikuspuntua sartu du Karmele Goñik, gizonezkoek erreparatuko ez zituzketenak azalera ekarriz".
(Karmele Goñi, Bilboko Ospetsu izendatu zuten egunean. Argazkia: Euskal Museoa)
Otsailaren 10ean, 'Eguna' egunkariaren sorreraren 80. urteurrera gogoratzeko jardunaldia antolatu zen Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan, 'Euskal prentsaren hastapena, oraina eta geroa' lelopean. Bertan, kazetari eta historialari ezagunek parte hartu zuten; tartean, Joan Mari Torrealdai euskaltzainak, Joseba Agirreazkuenaga EHUko katedradunak, Xabier Altzibar EHUko irakasleak edo 'Amatiño' kazetariak.
Orain, monografiko batean bildu ditu 'Hermes' aldizkariak jardunaldi hartako hitzaldi eta hausnarketa garrantzitsuenak. Datorren astelehenean aurkeztuko da 'Hermes'en zenbaki berria, eta agerpenean parte hartuko dute Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jose Antonio Rodríguez 'Hermes'-en zuzendariak.
Hitzordua, astelehenean, ekainak 12 dituela, goizeko 11:00etan. Lekua: Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza (Plaza Barria, 15).
Erdal hitzen deklinabidea (184. araua) argitaratu du Euskaltzaindiak.
Erdal hitzak noiznahi agertzen dira euskarazko testuetan, hitz arruntak (yuppie, gruyere, xah, cash flow...) zein leku-izenak (Cannes, Zürich...), zein pertsona-izenak (François, Shakespeare...), zein bestelakoak (Greenpeace, Rolls-Royce...). Eta halakoak nola deklinatu argitzeko prestatu du araua Akademiak.
Izen horietako batzuek arazorik gabe deklinatzen dira, hala ahoz nola idatziz. Beste batzuetan, berriz, zalantzak sortzen dira, batez ere ahoskera eta idazkera bat ez datozenean.
Hori guztia aztertzen da arauan, eta irizpide zehatzak ematen dira jakiteko nola jokatu idaztean eta ahoz esatean.
Arauaren bigarren partean, h, y edo w letraz amaitutako erdal hitzak deklinatzeko irizpideak zehazten dira kasu bakoitzerako. Horrelako amaierak ez dira inoiz gertatzen euskal hitzetan eta, horregatik, irizpidea deskribatu eta zehaztu du Euskaltzaindiak, zalantzak argitzearren.
Exonomastika batzordea
Bilbo Zaharra euskaltegiak urtero Arriaga Antzokian antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi jarraituaren atarian gaude -ostegun honetan izanen da-, eta, ohiko legez, Bilbo Zaharra Forumeko azken jardunaldiak antolatu dira egun hauetan. Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzak hartuko ditu hiru jardunaldiak, gaur, bihar eta etzi, 19:00etatik aurrera.
Honela, Plaza Barrian izango da gaur Hinka taldea, Itxaro Bordaren testuekin osatutako kontzertua eskainiko dutela. Bordaren poema-bilduma honek oraina eta iragana uztartzen ditu, duela 400 urte euskal arrantzaleek bizi izan zuten gertakari tragiko baten baitan murgilduz.
Bihar, Luzien Etxezaharreta eta Katixa Dolhare-Zaldunbide arituko dira Plaza Barrian, Bordaren '%100 Basque' nobela hizpide, eta etzi Itxaro Borda bera agertuko da Bilbon. Oragarreko idazleak 'Literatur hizkuntzaren hautua' berbaldia eskainiko du Akademiaren egoitza nagusian.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak urtebeterako luzatu dute 2008tik hona indarrean dagoen erakunde bien arteko lankidetza-hitzarmena.
Horrela, Bilboko Udalak 35.500 euroko urteko diru-laguntza emango dio Euskaltzaindiari, Bilbon euskal literaturaren ikaskuntza sakona bultzatu eta euskararen erabilera sustatzeko.
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea: "Bilbok eta euskarak elkarren eskutik joan behar dute, gure helburua Bilbo euskaldunago bat lortzea baita".
Andres Urrutia euskaltzainburua: "Badakigu Udalaren konplizitatea daukagula, eta Udalak jakin behar du gurea ere baduela, hiriko beste eragileekin batera, bion artean aurrera eraman dezakegulako euskara eta euskal kulturaren sustatzea Bizkaiko hiriburuan".